Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak salatu du Europako Hizkuntza Aniztasunari buruzko nazioarteko goi bilera antolatzeko "inposizioaren" bidea hautatu dela, "edukietan zein prozedimentuetan". Muñozen esanetan, "erabateko babesa" eman nahi dio Jaurlaritzak DSS2016ri, baina kongresuaren inguruko lanak gaizki ari dira egiten.
Batez ere, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari mintzatu zaio sailburuordea. "Adostasunik bilatu gabe" aritzea leporatu dio alkateari, eta "Kontseiluarekin eta Kontseiluarekin bakarrik" antolatzea kongresua: "Zergatik Kontseilua bakarrik beste guztioi bizkar emanda?".
Europako hizkuntza aniztasunaren inguruko sareetan Jaurlaritzak eskarmentua duela esan du Muñozek, eta ez dela aintzat hartu: "Elkarlanaren aroa da, eta kasu honetan horren kontra egin da. Larria da. Penagarria".