Zentsura mozioa aurkeztu ala mozio bat aurrera ateratzeko baldintzak egon arte PSNren zain egon? Oposizioko alderdien artean azken hilabete eta asteetako eztabaida laburbiltzen du galdera horrek, baina Nafarroako dieten auziaren inguruko azken gertaeren eta martxoaren 22an jendaurrean hartutako konpromisoaren ondorioz, EH Bilduko bi taldeek—Bilduk eta Aralar-NaBaik— urrats bat egin eta hordagoa bota dute. Zentsura mozioa erregistratu dute parlamentuan. Hautagaia Juan Carlos Longas Aralar-NaBaiko parlamentaria izango da. «Mozioaren helbururako izaera ireki hori duen hautagairik egokiena da», esan du Bakartxo Ruizek, Bilduko eledunak. Mozioa aurrera ateraz gero, konpromisoa hartzen dute hauteskundeetara deitzeko.
Juan Carlos Longasen arabera, «egoera jasanezina da. Krisi ekonomikoa dela eta, Nafarroako Gobernua «harri eta zur» dago, «erabat geldirik», eta egoera larri horri orain azken gertaerak gaineratu behar zaizkio: «Zerbait egin behar da. Zentsura mozioa da parlamentuaren eskura dagoen erreminta bakarra. Konfiantzazko mozioa, presidentearen dimisioa edo hauteskunde deialdia aurreratzeko eskaerak egin zaizkio presidenteari, baina haren eskuetan daude, eta, dirudienez, ez dago prest horiei erantzuteko». Horren aurka, erantzukizunez jokatu behar dela azaldu du.
Behin mozioa erregistratuta, astelehenean Parlamentuko Eledunen Batzordean onartuko da, eta gobernuari jakinaraziko zaio. Behin zentsura mozioa Parlamentuko Aldizkari Ofizialean kaleratuta, hamar eguneko epea ezartzen da osoko bilkura egin arte. Kalkulatzen denez, apirilaren 16 eta 18 bitartean izango da. Eztabaida egunera arte, akordioa lortzeko erabat prest azaldu dira Bildu eta Aralar-NaBai. «Aldaketaren atarian gaude, eta dei egiten diot oposizioko alderdiei aldaketa hori ahalbidetzeko», esan du Longasek. Proposamen denak aztertzeko prest dira.
Eztabaida egunean, parlamentuarekiko errespetuz, gobernu programa aurkeztuko du. Mugarik gabe hitz egin ahal izango dute mozioaren sinatzaileetako batek, eta, ondoren, hautagaiak,Juan Carlos Longasek. Aurrera aterako balitz, hauteskundeak egin bitarte, Nafarroako kontuen egiazko egoera aztertuko duela aurreratu du Longasek. «Epe motzerako neurriak zuzenduko genituzke, murrizketa garrantzitsuenak».
Alabaina, ezusterik ezean, zentsura mozioak ez du aukerarik izango, PSNren botoak erabakigarriak baitira, eta aldez aurretik eta baita orain ere PSNk argi utzi baitu ez duela zentsura moziorik babestuko. Nafarroan denek gogoan dute Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia martxoaren 6an Iruñean hauteskundeak aurreratzearen aurka azaldu zela.
Kazetari batzuek gogorarazi dute PSNren jarrera zein den jakinda hurrengorako beste mozio bat aurkezteko aukera gal daitekeela, eta, horregatik, Barcinaren balizko inputazio bat etorri arte itxaroteko aukeraz galdetu zaie taldeei: «PSNk nahi duenean aurkez dezake zentsura mozio bat. Ezin naiteke beste batzuen buruan jarri. Nik ez dakit Barcinaren balizko inputazio batekin PSNk jarrera aldatuko ote lukeen, baina haiek erabaki beharko dute», erantzun du Longasek. Parlamentuko araudiaren arabera, orain zentsura mozioa aurkeztuta talde berak ezingo du besterik aurkeztu legealdi osoan. Haatik, beste taldeek «nahi izanez gero, hurrengo egunean aurkez dezakete», Txentxo Jimenezen arabera.
EH Bilduk eta Aralar NaBaik urrats hori eginda, gainerako alderdiak hasi dira beren jarrera argitzen. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia isilik egon da aste guztian, eta, azkenik, hautsi du isiltasuna. «Oinarrizko gauza bat dago. Ezein herritarrek ez du espero PSNk Bilduren zentsura mozio bat babestea». Haren esanetan, zentsura mozioak irabazteko aurkeztu behar dira, eta porrot egitera kondenatuta dago. «Horrek bolbora bustia du». Behin hori esanda, Jimenezek zehaztu du mozioa ez babesteak ez duela esan nahi Barcina babestea. Barcinarengan konfiantzarik ez dutela dio: «Barcinak dimisioa eman beharra dauka, lasta bat delako erkidego honentzat. Lurralde egonkor bat zuen, eta ezegonkortasuna ekarri du».
Carlos Garcia Adanero UPNko eledunak ere hautsi du isiltasuna. Haren ustez, mozioaren erregistroa «marketin operazio bat baino ez da, porrot egitera kondenatuta baitago». Haren esanetan, «boto gehien duen zerrenda UPNk da oraindik».
Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunak hilabeteak daramatza zentsura mozio baten beharra azpimarratzen, eta orain dio koalizioak «ezein kasutan» ez duela zentsura moziorik oztopatuko. Nuinen ustez, «mozioak ez du balioko Barcina garaitzeko eta hauteskundeetara deitzeko, PSNk jada esan duelako ez duela babestuko. Haren ustez, arriskutsua da Barcina ahuldu ordez «oposizioaren ezgaitasuna erakustea».
Geroa Baiko Manu Aierdik aurreratu du datozen egunetan «neurtu, zehaztu eta erabakiko» dutela taldearen jarrera. «Goizegi aurkeztu da, ez delako irabaziko, baldin eta PSNk ezusterik ematen ez badu».
Juan Carlos Longas hautagaiaren bidez, EH Bilduk hordagoa bota du
Aralar-NaBaik eta Bilduk erregistratu dute mozioa, eta azaldu dute «erantzukizunez» jokatu dutela «egoera larriaren aurka»PSNk Barcinaren dimisioa eskatu arren, ez du «Bilduren zentsura moziorik» babestuko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu