Euskal presoak

Juan Carlos Subijanaren gradu progresioaren kontra ebatzi du Auzitegi Nazionalak, bigarrenez

Preso gasteiztarrak hemeretzi urte daramatza preso, eta osasunez «larri» dago. Azaroaren 8an mobilizatzeko deia egin du Sarek.

Subijanaren lehen gradu erregresioaren kontrako protesta, martxoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 3a
09:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Sare Herritarrak jakinarazi duenez, Juan Carlos Subijana Euskal presoaren gradu progresioaren kontra ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak. Bigarren aldia da, fiskalaren helegiteak tarteko, Subijanari gradu erregresioa aplikatzen diotela. Plataformak azaroaren 8an mobilizatzeko deia egin du: Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazatik, 19:00etan.

Subijanak hemeretzi urte eta erdi daramatza preso, eta osasunez «larri» dago, Sarek jakinarazi duenez. Izan ere, hala jaso zuen Eusko Jaurlaritzak ere presoaren inguruko ebazpenean ere, mediku txostenetan oinarrituta. «Txosten horren arabera, dituen patologia larriak direla-eta, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak erabaki zuen Subijanari hirugarren gradua ematea, kontrol telematikoarekin eta etxean geratuta», azaldu du Sarek. Aurrez, Basauriko espetxeko (Bizkaia) tratamendu batzordeak hartua zuen progresioaren aldeko erabakia.

Ez da Subijanari gradu progresioa eteten dioten lehen aldia. Espainian preso egon ostean, 2021eko otsailean Euskal Herriratu zuten, Mansillatik (370 kilometrora), eta hirugarren graduan eman zioten iazko abuztuan. Otsailean, baina, bertan behera utzi zioten, fiskalaren helegitea tarteko, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala ebatzita.

Gainera, bigarren aldi honetan, fiskaltzak helegitea jaso orduko eten zioten progresioa behin-behinean, joan den abendutik martxan den jurisprudentzia dela medio. Ordura arte, hirugarren gradua ematen zieten presoak espetxetik ateratzen ziren auzitegiak ebatzi arte. Egun, baina, helegitea aurkeztea nahikoa da gradu aldaketa behin-behinean eteteko. «Ulergaitza egiten zaigu», adierazi du plataformak.

Horiek hala, Sarek salatu du Auzitegi Nazionalak preso gasteiztarraren «etxerako bidea eta birgizarteratzerantz aurrera egiteko aukera» oztopatu dituela beste behin ere. Jarrera hori, gainera, ohiko bihurtu da; besteak beste, aurreko astean berdin ebatzi zuen Ainhoa Barbarin euskal presoari dagokionez. Izan ere, Sareren datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen %75i helegitea jarri die fiskaltzak, eta askok itzuli behar izan dute espetxera bigarren graduan.

«Haserrea»

Sare Herritarrak «atsekabea eta haserrea» adierazi ditu Auzitegi Nazionalaren ebazpenagatik eta, oro har, erakusten ari den jarreragatik: «Salbuespenezko auzitegiek oraindik ere oztopatzen dute presoak etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea». Izan ere, gogoratu dute euskal presoei legedi arrunta aplikatzea eskatzen dutela, eta hark adierazten duela zigorrak ez direla zertan «azken egunera arte» kartzela barruan bete.

Sare prest azaldu da salbuespen politikei «atea itxi» arte lanean jarraitzeko, eta euskal gizarteari dei egin diote bide horretan bat egiteko: «Iraganean iraunarazi nahi gaituzten ateak itxiko dituzten giltzak eskuetan har ditzan eta etorkizuneko ateak irekitzeko jarrai dezan».

Bide beretik, Etxerat elkarteak ere «haserrea» adierazi du. «Utzi presoek hasitako etxerako bidea oztopatzeari», azaldu du elkarteak sare sozialetan, Auzitegi Nazionalari erreferentzia eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.