Aurrena PSEn eta gero Madrilera salto egin ondoren, PSOEn ardura ugari izan zituen Juan Manuel Egiagaraik (Bilbo, 1945- 2025). 80 urterekin zendu da Felipe Gonzalezen gobernuko Administrazio Publikoetako ministro ere izan zen euskal politikaria. Kargu hori 1991n hartu zuen, baina aurretik ibilbide luzea egina zuen erakundeetan, betiere PSEko ordezkari gisa.
Izan ere, Deustuko Unibertsitatean Ekonomia ikasketak bukatu ondoren, 1977an izena eman zuen PSEn, eta 1979 eta 1981 artean Bilboko zinegotzi izan zen. Ordurako, PSEko zuzendaritzan eserleku bat zuen, eta Eusko Legebiltzarreko parlamentari izendatu zuten 1980rako. 1988ra arte eduki zuen aulkia Gasteizko ganberan.
Handik aurrera, Madrilera jo zuen, eta PSOEko zuzendaritza federaleko kide izan zen. Felipe Gonzalez gidari zuen Ferraz hark Murtziara (Espainia) bidali zuen Espainiako gobernadore gisa. Eskarmentua hartzeko pasadizo laburra izan zen hura, euskal gatazka armatua gori-gori zegoen garaian EAEko gobernadore izendatu baitzuen Gonzalezen gobernuak, 1989an. Bi urte igaro eta gero iritsi zitzaion alderdiari emandako ibilbide luze bateko saririk handiena: Administrazio Publikortako Espainiako ministro izendatu zuen Gonzalezek. Beste bilbotar baten lekukoa hartu zuen: Joaquin Almuniarena.
Enpresak eta GKEak
Hurrengo gobernuan, berriz, Gonzalezen konfiantzako taldetxoan jarraitu zuen, eta Industria eta Energia ministro izan zen, Jose Maria Aznarren PPk Madrilgo exekutiboa lortu aurreko urteetan. 1996an, izan ere, Murtziara itzuli zen hango parlamentuko diputatu gisa, eta kargua berritzea lortu zuen 2000. urteko bozetan.
Industria ministro izanaren itzala lagun, zenbait enpresatako administrazio kontseilutan egon zen, eta, gainera, gobernuz kanpoko erakunde batzuetan kolaboratu zuen.