Duela denbora bat EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean deklaratu beharrean gertatuko zela nekez pentsatuko zuela aitortu du Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidenteak, baina egun egoera dagoen bezala egonda, eta "Madrilgo Gobernuak eta PPk" hartu duten jarrera ikusita, etorkizunean zer gerta daitekeen iragartzea zaila dela esan du.
Dena den, bera eta, halaber, Legebiltzarreko mahaikide diren Gorka Knörr (EA) eta Kontxi Bilbao (EB-IU)EAEko Auzitegi Nagusian deklaratzera eraman dituen aferaren zioa ez dela SA Sozialista Abertzaleak taldea defendatu nahia azpimarratua du Atutxak, "Legebiltzarra defendatzeko" borondatea baizik. "Gu ez gaude SA defendatzen, Legebiltzarraren eskuduntzak eta zilegintasuna defendatzen baizik. Botere banaketak merezi duen errespetua aldarrikatzen. Badakigu minsitro batzuk eta beste politikari batzuk esaten dutela gu SA defendatzen gabiltzala, eta are astakeria handiagoa: ETA defendatzen ari garela. Gezur biribila da hori, guk Legebiltzarra defendatzen baitugu, herriaren borondatea", nabarmendu du Atutxak.
Politika