KONPONBIDEARI BEGIRA

Jurista talde bat osatu dute bake prozesua laguntzeko

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako juristak bildu nahi ditu Bake Bideak bake prozesua bultzatzen lagun dezaten. Ekainaren 10 eta 11an jardunaldiak antolatuko dituzte Baionako Abokatu Etxean.

Bake Bideak eginiko agerraldia. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI / IPARRALDEKO HITZA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko ekainaren 1a
08:23
Entzun

Frantziako Asanblean bake konferentzia humanitarioa antolatu eta urtebetera, Euskal Herriko bake prozesua laguntzeko jurista talde baten sorrera iragarri du Bake Bidea-k. Serge Portelli, Versailleseko Dei Auzitegiko presidentea, Philippe Texier Frantziako Kasazio Auzitegiko magistratu ohia eta Xantiana Cachenault eta Maritxu Paulus Basurco abokatuek osatu dute lantaldearen nukleoa, orain, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko juristak parte hartzera bultzatu nahi dituzte. Ekainaren 10 eta 11n jardunaldiak antolatu dituzte Baionako Abokatu Etxean, bake prozesuaren egoeraren azterketa egin eta perspektibak lantzeko.

Anaiz Funosas Bake Bidea-ko presidentearen hitzetan, Parisko bake konferentzia “arrakastatsua” izan zen, eta Euskal Herritik kanpo ere gatazkaren konponbidean lagundu nahi duen jendea badela erakutsi zuen. Konferentziaren biharamunean bake prozesua bultzatzeko tresna berrien beharra agertu zuten antolatzaileen artean; gogoeta horrek ekarri zuen Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko jurista talde bat osatzea. “Ikusten zen bake prozesu honen garapenerako funtsezkoa zela legearen baitan gogoeta bat bultzatzea, presoen etxeratze prozesuan lehen pausuak emateko. Denak kontziente ginen bake prozesu honen garapen osoan juristen inplikazioa behar dugula -presoen gaietik justizia transizionalera- hausnartzeko, eraikitzeko eta sortzeko”, Funosasek dionaz.

Hiru helburu nagusi izanen ditu juristen batzorde horrek: magistratuen kontzientizazio lana Euskal Herriko bake prozesua kontuan har dezaten, presoen oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen lan juridikoa egitea, eta gatazkaren konponbidean aitzina egiteko tresna berriak asmatzea. “Gure arma zuzenbidea da; Frantziako, Europako ta Nazioarteko zuzenbidea. Jurista ezberdinen aportazioa behar dugu gure gogoetak aberasteko eta antolatuko ditugun ekintzei babesa emateko” adierazi du Xantiana Cachenault abokatuak.

Ekainararen 10an bilkura publikoa eginen dute Baionako Abokatuen Etxean 19:00tan; Serge Portelli Versailleseko Dei Auzitegiko presidenteak, Louis Joinet Frantziako Kasazio Auzitegiko magistratu eta abokatu orokorrak, eta Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak hartuko dute parte. Ekainaren 11n, mintegia eginen dute; Ipar Euskal Herriko jurista guziei bidali diete gomita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.