Euskararen ofizialtasuna eskatzeko manifestazioa egingo du Kontseiluak Iruñean, urriaren 27an. Arratsaldean hasiko da manifestazioa, 17:00etan, eta, Kontseiluko kideek adierazi dutenez, "performatiboa" izango da.
Manifestazioak hiru zutabe izango ditu, Gazteluko plazatik, Media Luna parketik eta Iturramatik abiatuko direnak. Bakearen plazan Kontseiluko kideak batuko zaizkie, eta, hiru zutabeak elkartu ondotik, denek batera egingo dute autobus geltoki ondoko belardirako bidea. Han, ekitaldia eginen dute, eta herritarrak izango dira protagonista.
"Justizia, berdintasuna eta kohesioa izango dira hiru zutabeen ardatzak"; hala adierazi dute Kontseiluko kideek gaur goizean egindako agerraldian. Hiru zutabe horien bidez, euskarak Nafarroan duen zonakatzea irudikatu nahi dute. Gainera, zutabe bakoitzak behingoz hitza ere izanen du. Horrekin, euskararen alde aldarrikapenak egiten daramatzaten 30 urteak oroitu nahi dituzte.
Kontseiluko kideen esanetan, aukera erreala sortu da nafar guztiak berdintasunean hartuko dituen Euskararen Lege berri bat idazteko: "Ez dago zonifikazioa ez gainditzeko inolako arrazoirik". Eta hau gaineratu dute: "Dagokigun erantzukizuna aintzat hartuta jokatzen ari gara gu, eta abaguneak eskatzen duen tamainan erantzutea dagokie politikariei".