Justizia linguistikoa: nola bilatu oreka «egoera asimetrikoan»

Udaltop jardunaldiak abian dira, eta aurten justizia linguistikoaren inguruan ardaztu dituzte; Valentziako Unibertsitateko ikertzaile Vicenta Tasa Fusterrek eta UNEDeko katedradun Xabier Arzozek aurkeztu dute gaia, nork bere ikuspegitik.

Xabier Arzoz, gaur, Udaltop jardunaldietan hizketan. JON URBE / FOKU
Xabier Arzoz, gaur, Udaltop jardunaldietan hizketan. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 21a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaletako Euskara Zerbitzuen Udaltop topaketak gaur hasi dira, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) ohi bezala. Justizia linguistikoa: diskurtsoak, praktikak eta oinarriak berdintasuna helburu goiburupean ardaztu dituzte aurten hitzaldiak. Saioa irekitzeko, bi akademiko aritu dira: Valentziako Unibertsitateko Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Vicenta Tasa Fusterrek eta UNED urrutiko unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradun Xabier Arzoz Santestebanek aurkeztu dute gaia, nork bere begiradatik. Justizia linguistikoa: hizkuntzen berdintasun erreala hitzaldia eman du lehenak; Hizkuntza eskubideen izaera politikoa bigarrenak. «Egoera asimetrikoa» irudikatu dute jarri dituzten hainbat adibidetan: hizkuntza gutxituak mendekotzat hartzen dituen ikuskeraren ondorioez ohartarazi dute. Aurretik agintariek hartu dute hitza: Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioetako eta Lasarte-Oriako Udaleko ordezkariak mintzatu dira hasiera ekitaldian. 

«Benetako berdintasunaz ari naiz, ez gaztelaniaren mende dagoen berdintasunaz», halaxe azaldu du Tasak zer den justizia linguistikoa euskararentzat eta Espainiako estatuaren legedipean dauden gainerako hizkuntza gutxituentzat. Horiek horrela, esan du adi erreparatu behar zaiela hizkuntza horiek dituzten «egiturazko desberdintasunei». Azaldu du Francoren diktadura ostean, hizkuntza horien «ofizialtasuna» onartu berritan, amets egiteko aldi bat ireki zela. «Garai hartan, oso asmo handiak zeuden. Denborarekin hizkuntzak biziberrituko zirela pentsatzen zen», gogora ekarri du. «Baina hori uste zena baino mugatuagoa izan da». Kimatu egin dira asmoak, eta orduan ezarri ziren araudiak ere kamustu egin dira. 

Adibideak jarri ditu Tasak. 1986an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzitako sententzia batean adierazi zuten, adibidez, gaztelania dela guztien «hizkuntza komuna». Tasarentzat, «interpretazio» horretan oinarrituta, «mugatu» egin da maiz hizkuntza gutxituen «ofizialtasuna». Horiek horrela, azaldu du ezen, eremu jakin batzuetan aurrerabideak egin diren arren, «egiturazko mugak» saihesteko ahaleginik ez dela egin. Estatuaren mendeko erakundeetan gertatzen dena horren erakusgarri argia dela gogoratu du: «Erabateko nagusitasuna du gaztelaniak». Eta joko zelaian beti da nagusi logika erdaltzalea. Izan ere, erkidegoen politikek ezin dute «asimetria egiturazkoa»  aldatu. Atzeraldien mugarrien artean zerrendatu du, baita ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako estatutuaren kontra 2010ean ebatzitako epaia, han ere atzera bota zirelako katalana lehenesteko egin ziren ahaleginak. «Epai oso ideologikoa izan zen, eta oso mezu argia eman zuen: demokrazia linguistikoak mugak ditu». Egungo «ofentsibaren» abiaburua izan zela esan du.

(ID_16104354) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-05-21, Lasarte. Udaltop jardunaldiak
Vicenta Tasa Fuster hizketan, gaur. JON URBE / FOKU

Sententzia horietako askotan «egiturazko asimetriak» ez direla kontuan hartzen salatu du. Bestelako ikuskera bat ezinbestekoa dela esan du, ordea: «Justizia linguistikorik ez dago hizkuntza gutxituak luxu edo gauza sentimental moduan ikusten badira, edo ideologia baten manifestazio moduan». Gehiegitan, ordea, tankerako mezuak ozentzen direla arbuiatu du: «Sinetsarazi digute arazoa guk dugula, hizkuntza gatazkatsuak ditugula».

«Justizia linguistikorik ez dago hizkuntza gutxituak luxu edo gauza sentimental moduan ikusten badira»

VICENTA TASA FUSTER Valentziako Unibertsitateko Hizkuntza Eskubideen Katedrako zuzendaria

«Hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira», Tasak justizia linguistikoaz duen ikuskeraren muina hori da. Haren ustez, hizkuntza eskubideak bermatu gabe, gainerakoak —hezkuntza jasotzeko eskubidea, osasunerako eskubidea, lan egitekoa— «edukiz gabetzen» dira. Arzozek, berriz, gaiari buruzko bestelako ikuskera du. Adierazi du hizkuntza eskubideen izaera eta giza eskubideena ezberdinak direla. Zenbait egoeratan hizkuntza eskubideak giza eskubide ere badirela onartu du, baina izaera bestelakoa dutela. «Neurri handi batean, ez dira giza eskubideak. Giza eskubideak balira, ez geundeke hemen. Zeren eta giza eskubideak ez dira eztabaidatu behar: balio behar dute edonon». Giza eskubideen izaeraren muina «giza duintasuna» dela esan du, eta esparru zabalagoak ukitzen dituztela gehienetan hizkuntza eskubideek. «Helburua bestelakoa da; nortasuna, identitatea...».

«Politikan» eragiten

Arzozek uste du esparru batean kokatu behar dela gaia: «Politikan». Eta justizia linguistikoan aurrera egiteko, batez ere, hizkuntzen aldeko araugintza sendo bat behar dela. «Ez baditugu printzipioak arau bihurtzen, espekulazioan ari gara», ohartarazi du. «Lotesleak» diren arauen abaroa baino hoberik ez dela gogoratu du.

«Ez baditugu printzipioak arau bihurtzen, espekulazioan ari gara»

XABIER ARZOZ SANTESTEBAN Administrazio Zuzenbideko katedraduna UNEDen

Euskararen kasuan ere aurrera egiteko «konpromiso politikoa» behar dela nabarmendu du. Eta euskararen kontra metatzen ari diren epaiek ekarri duten oldarraldiari aurre egiteko gakoak ere hor ikusten ditu. Zailtasunak zailtasun. Izan ere, Tasaren moduan, egoera aski desorekatua dela onartu du Arzozek ere, eta Konstituzioaz egiten diren hainbat «interpretaziok» ekarri dutela atzeraldia. «Badaude interpretazio sistematiko batzuk aurrera egiteko oztopo handia direnak. Saiatu behar dugu interpretazio horiek aldatzen, legeak aldatu behar ditugu: esan behar dugu hori ez dela gure interpretazioa, eta hori eraman behar dugu auzitegietara. Agian ez dute onartuko, baina esan behar da hemen badagoela Konstituzioaren beste interpretazio bat; zuzenbidean horixe egin behar da».

EHUK IZANGO DU JUSTIZIA SOZIOLINGUISTIKOari buruzko KATEDRA BAT

Oraindik «formalki» eratzeko dago, baina aurki dena prest egongo da, eta gaur Udaltopen hizpidetako bat izan da EHU Euskal Herriko Unibertsitateak justizia soziolinguistikoaren inguruko gaiak jorratzeko izango duen katedra. Gipuzkoako Diputazioarekin lankidetzan eratuko du unibertsitateak eta Iñigo Urrutia legelaria izango da zuzendaria. «Aspaldiko ideia bat da», azaldu du: «Ikusten zen formakuntza aldetik hizkuntza zuzenbidearen gainean ezer gutxi zegoela fakultatean, eta benetan gai garrantzitsua da, autogobernuaren zutabeetako bat delako: hizkuntzak herri bihurtzen gaitu». Euskararen inguruko beharrak oinarri hartuta, «ikerketa eta dibulgazioa» jorratuko ditu, eta «oldarraldiak» ekarri dituen galdera berrien inguruko proposamenak egitea ere izango du helburu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE