«Udal autonomia, hizkuntza eskubideak eta herritarren berdintasun aukera». Pasaiako Udaleko EH Bilduren eta EAJren arabera, hirurak daude auzitan hizkuntza eskakizunen kontra epaileak ebazten ari diren epaietan. 2024ko apirilean heldu zen Pasaiatik albistea: euskarazko B1 maila izatea eskatu zuen udalak hamabost kale garbitzaile lanpostutarako, baina justiziak horren aurka egin zuen. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. epaitegiek ebatzi zituzten eskakizunen kontrako bi ebazpen. Udalak helegitea aurkeztu zuen epai horien kontra, baina gaur udaleko EAJk eta EH Bilduk batera atera duten oharrean jakinarazi dute auzitegi horretako beste epaile batek «baztertu» egin duela helegite hori.
Auzibidearekin aurrera jarraitu behar dela esan dute bi udal taldeek, eta azaldu dute udalak bi kasazio helegite aurkeztu dituela dagoeneko. Izan ere, epai horiei eta tankerakoei aurre egin behar zaiela uste dute: «Ez dute aintzat hartzen azken 40 urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko garatutako lege eta araudi esparrua, ezta udal langileek hizkuntza eskakizunak betetzeko jaso dituzten baliabideak eta egindako ahaleginak ere». Bide batez, egungo lege esparruak hutsuneak dituela argudiatu dute: «Gaur egungo araudiarekin, agerikoa da ezin dela hizkuntza politika berdinzale bat burutu». Horregatik, aldarria egin dute: «Legea aldatu beharra dago». Eta eskakizuna: «Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diegu, udalok euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren lege egokitzapenak ahalbidetu ditzaten».
Iazko apirilean, lehen epaiaren berri izan zutenean, hizkuntza eskubideen urraketen kontra bat egin zutela gogoratu dute bi alderdiek, eta «irmoki» berretsi nahi dutela orain berriro konpromiso hori. «Gure langile publikoek herritarren eskubideak bermatu behar dituzte, eta horretarako ezinbestekoa da gutxieneko euskara gaitasuna izatea», gogora ekarri dute. Euskalgintzan kezka handia dago hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak metatzen ari direlako, eta bi talde politikoek berretsi egin nahi izan dute gaur ezinegon hori: «Epai hauek ez dira soilik udal baten aurkakoak, herritar guztien hizkuntza eskubideen aurkakoak dira; herri gisa hizkuntza gutxitu bat berreskuratzeko eta normaltasunez erabiltzeko egindako lanaren aurkakoak».
Bokale Euskararen Pasaiako Aholku Batzordea udalari mintzatu zaio: «Pasaian euskararen normalizazioaren prozesuan atzera ez egiteko eskatzen diogu». Eta herritarrei ere egin die dei: «euskaraz bizitzeko hautua» egiteko eskatu die, eta euskara nonahi «harrotasunez» erabiltzeko.
Zortzi zinegotzi ditu egun EH Bilduk Pasaiako Udalean, eta harena da alkatetza. Podemos-Ahal Dugu-rekin ari da udal gobernuan; hautetsi bakarra du talde horrek. Jeltzaleek lau ordezkari dituzte.