Justiziaren erreforma gaitzesteko araudia zorrotz beteko dute

Baliabide murrizketen kontra protesta egiteko legeak finkatzen dituen gutxienekoak betearaziko dituzte

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Frantziako Justizia Ministerioak egin nahi duen baliabide murrizketaren kontra protesta egiteko, Baionako auzitegiko abokatu, epaile eta langileek legea zorrotz betearaztea deliberatu dute. Horrekin batera, atxiloketa prozeduraren erreforma salatu dute.Araudiak bete ezean, ezinezkoa izanen da prozedura egitea, eta epaitegietan lana gehiago metatuko da.

Marylise Lebranchu diputatuak indarrean jarritako artez araudia baliatzea deliberatu dute abokatu eta epaileek. Arau horren arabera, entzutegiko lanek ezin dute jarraikian sei oreneko iraupena gainditu. Horrekin batera, legeak agintzen duen kasuetan, auzi zibiletan ere idazkariaren presentzia eskatuko dute abenduaren 1etik aitzina. Haurren inguruko prozedurak, orain artean, idazkaria bertan egon gabe egiten ziren. Erabaki horren ondorioz, hainbat auzi bertan behera geldi daitezke, ez delako aski baliabiderik egonen legea betetzeko. Epaitegietan lana metatuko da, eta kasuen ebazpenak luzatuko dira.

Frantziako legeak baimentzen du pertsona batek bere ogena aitortzea epaiketa egin aitzin. Horren trukean, zigorra arintzen diote. Alta, Baionako abokatuek bertan behera utzi dituzte prozedura horiek baliabideen murrizketaren kontra protesta egiteko.

Galdeketa libreari ez

Frantziako Gobernuak atxiloketa araudia aldatu nahi du, atxiloketa kopurua murrizteko helburuz. Ohiko atxiloketen kopurutik parte bat gutxitzeko, galdeketa libreak egiteko aukera hedatu nahi dute. Gaur egun Poliziak pertsona bat dei dezake polizia etxera, eta gehienik lau edo bost orenez galdekatu. Erreformaren ondorioz, ordea, galdeketa libre horrek ez du denbora mugaturik ukanen. Abokatuen presentziarik gabe egin daitezke.Deusek ez du bermatzen libre aurkeztu den pertsona ez dutela ondoren atxilotuko. Gisa berean, deusek ez du bermatzen galdeketa librean eta abokaturik gabe errandako horiek atxilotuaren aurka erabiliko ez direnik.

Neurri horien bidez defentsa eskubideak erabat zangopilatzen direla salatu du Anne Marie Mendiburu Baionako abokatuen dekanoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.