Hainbat ikerketak agerrarazi izan dutenez, kadmioaren presentziak badu loturarik pankrearen minbiziaren tasarekin Frantzian; erraterako, Frantzia laugarren lekuan dago munduan kasu berri gehien deklaratzen duten estatuen artean. Aldi berean, metal astun toxiko horrek gehien hunkitutako Europako estatuen artean ere bada. Hori dela-eta bozkatu zuten Frantziako Asanblea Nazionalean, asteazken gauean, fosfato ongarrietan onartutako kadmio heina apaltzearen alde.
Kadmioa fosfato ongarrietan dagoen mea bat da, metal astun toxikoa, Frantziako laborantza konbentzionalean anitz erabilia. Hala, lurretan ugari atzematen da, baita oinarrizko elikagaien %89tan ere —ogia, pastak, bixkotxak, esnea, jogurtak, gasna eta abar—. Janarian aurkitzen bada, hain zuzen, laborantzan erabilitako produktuen ondorioz aurkitzen da.
Frantziako jendetzaren erdiari eragiten dio kasik; 2 eta 3 urte arteko haurren %100i, Anses agentziaren arabera. Aztertu denez, Frantzian, kasik bi pertsonatik batek gaindituak ditu elementu horren balio toxikologikoak gorputzean. Minbizia dakarten elementu kimikoetan sailkatua da 1993tik geroz. Hala, 144 diputatuk bozkatu zuten kadmioaren presentzia apaltzearen alde, eta 22k kontra.
Legeak aurreikusten duena balioak apaltzea da, hots, fosfato ongarrietan gaur egun dagoen kadmio tasa apaltzea. Urtetik urtera egitekoa da trantsizioa: 2027rako, lehenik, 40 miligramokoa izan behar luke kadmio heinak kilogramo bakoitzeko; 2030erako, berriz, 20 miligramokoa. Maila horiek Anses elikagaien, ingurumenaren eta lanaren osasun segurtasunaz arduratzen den Frantziako agentziak aholkatuak dira.
Gaur egun, Frantzian, 90 miligramorako baimena dago; Europako arauak ezartzen dituen 60 miligramoak baino %50 gehiago da hori.
Egutegi eztabaidak
Lege proposamena Benoit Biteau Ekologistak eta Clementine Autain Intsumisoak egin zuten, xede izanik «kutsadurari lotutako osasun arriskuak apaltzea», kadmioaren kasuan zehazki. Emmanuel Macronen gobernuak, haatik, ez zion oniritzirik eman lege testuari, eta eskuin muturreko Batasun Nazionala alderdiak kontra bozkatu zuen.
2030erako baino, zergatik ez 2038rako iritsi 20 miligramoko mailara? Hori izan zen macronisten proposamena, baina ez zuen luzerako iraun, presioen ondorioz mailak epe luzeagoan apaltzeko zuzenketak kendu baitituzte azkenean. Eta erdibidean bozkatu zuten legea, herenegun: Biteau eta Autin diputatuek proposatu zuten kadmioaren debekua baino, maila jaitsiera onartu da, 2030era bitarte.
Orain Senatuan bozkatzekoa dute legea, baina egutegirik ez dute zehaztu oraingoz.