Ainharbeko (Zuberoa) Kako etxaldearen auzian engaiatu diren sei lagun atxilotu ditu gaur goizean Frantziako Poliziak. Ainharben bertan Kako etxaldea kudeatzen duen Fred Larrañaga laboraria atxilotu dute; Donaixtin (Nafarroa Beherea) Beñat Etxeto; Ortzaizen (Nafarroa Beherea) Jean Mixel Aizagerre; Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) Frantxoa Irigoien;Aiherran (Nafarroa Beherea) Michel Dunape, eta Liginagan (Zuberoa) Virginie Prune. Goizeko seiak inguruan izan dira atxiloketak, laborarietako batzuk ardiak jaizten ari zirela. Baionako polizia etxera eraman dituztela uste da.
Atxiloketen berri izan ondoren, 10:30 inguruan 300 bat laborari bildu dira Ainhize-Monjolosen ELBk deituta, atxiloketak salatzeko eta aurrera begira zein jarrera hartu erabakitzeko. Batzar horretan erabaki dute lehentasuna ematea elkartasunari; hau da, bermatzea atxilotuen etxaldeetako beharrak osatuak izan daitezen, eta protestak egitea atxilotuei elkartasuna adierazteko.
Kako etxaldearen segida jokoan
Ainharbeko Kako etxaldearen inguruan sortu den auziaren harira gertatu dira atxiloketa horiek. Etxalde horrek egungo maizterren eskutik -Fred eta Yasmine Larrañaga laborari bikote gaztea- segida izango duen zalantzan dago. Hain zuzen ere,etxaldearen segida azken lau urteetan baserrian lanean aritu den bikote horri eman diezaioten exijitzeko elkarretaratzea egin zuten ELBk antolatuta urtarrilaren 17an Donapaleun (Nafarroa Beherea), baserriaren segidaz erabaki behar duen Safer erakundearen atarian. Elkarretaratze horretan istiluak izan ziren jendarmeekin, eta bi jendarme zauritzea eta "irain arrazistak" egitea egozten diete atxilotuei.
Sarkozyren iragarpena
Elkarretaratzetik zenbait egunen buruan, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea Paueko Jendarmerian (Frantzia) izan zen bisitan. Laborariek erakutsi zuten «arrazakeria» salatu, eta «terrorismoaren» kontra mintzatu zen. Istilu haietan jendarmeak zauritu zituztenak eta ustezko hitz arrazistak erran zituztenak atxilotuko eta «gogor zigortuko» zituztela ziurtatu zuen.
Sarkozyren adierazpen horiek aintzat hartuta, atxiloketak espero zituztela agertu zuten atzo ELBko kideek, Ainhizen egin zuten agerraldi jendetsu batean. Presidenteak egotzi ziena guztiz ukatu zuten.Sarkozyren helburua ELBren izena ona zikintzea dela uste dute sindikatu horretako laborariek.
Atxiloketa
Kako baserriaren alde aritu diren sei lagun atxilotu dituzte, Sarkozyk iragarri bezala
Nafarroa Beherean eta Zuberoan atzeman ditu lagun horiek Frantziako Poliziak. Ainharbeko Kako etxaldearen aldeko elkarretaratze batean izandako istiluengatik atxilotu dituzte; bi jendarme zauritzea eta "irain arrazistak" egitea leporatu zien Sarkozy presidenteak. ELBren deiarekin bat eginez 300 bat laborari bildu dira Ainhize-Monjolosen atxiloketak salatzeko. Operazioaren asmoa ELB zikintzea dela iritzi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu