Kalamua bazkideentzat ekoizten zutela berretsi du Pannagh elkarteak

Elkarteko bost kideren kontrako epaiketa hasi da; guztira, hemeretzi urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak haientzat.«Droga trafikoa» eta «gaizkile taldea osatzea» egotzi diete

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Kalamua kontsumitzen duten pertsona helduek osatutako elkartea, legezkoa, irabazi asmorik gabea, norbere kontsumorako kalamua ekoitzi eta banatzeko xedez eratua, betiere gehieneko kopuru bat ezarrita, eta elkartetik kanpoko jendeari kalamurik saltzen ez ziona. Horrelaxe definitu dute Pannagh elkartea, horren kontra abiarazitako epaiketaren lehenengo saioan.

Elkartearen jarduera ezaguna zen, eta haren kontra jarritako beste bi salaketa bertan behera gelditu ziren, Bizkaiko eta Arabako auzitegiek, hurrenez hurren, kasuak artxibatzea erabaki ostean. Orduan, atzemandako marihuana itzuli behar izan zieten elkartekideei. Baina 2011ko azaroan beste polizia operazio bat jarri zuten abian elkartearen kontra, kasu horretan Bilboko Udaltzaingoaren eskutik, eta hiru kide atxilotzeaz gain, bazkideentzako kalamua atzeman zieten.

Fiskalak lau urte eta erdiko espetxe zigor bana eskatzen du elkarteko zuzendaritzako hiru kiderentzat —presidentea, idazkaria eta diruzaina— «droga trafikatzea» leporatuta, eta beste urtebete eta erdi «gaizkile elkartea» osatzeagatik. Elkartearen bi langileei, berriz, «droga trafikoa» egotzi die fiskalak; bi urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat.

Zaintza katea zalantzan

Epaiketa hasi eta berehala, defentsako abokatuek epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute, atzemandako kalamuaren zaintza katean hainbat irregulartasun igarri dituztelako. «Zaintza katerik egon ote den ere» zalantzan jarri du abokatuetako batek: «Agirietan ez dakar kalamua nork jaso zuen, nork gorde zuen, Poliziaren egoitzara sartu ote zen eta abar».

Azaroaren 16an, atzemandako marihuana pisatu zuten Osasun Sailaren egoitza batean. Hori egiteko eskaerak, baina, hurrengo eguneko data du, azaroaren 17koa, hain zuzen. Beste irregulartasun bat ere ikusi dute abokatuek: lehenengo txostenetan, marihuanaz betetako 33 kutxa eta hainbat poltsa harrapatu zituztela agertzen da; geroago, baina, 16 kutxa baino ez dira agertzen.

Dena dela, epaileak erabaki du gai horren inguruan eta defentsak aurkezturiko bestelako eskaerez geroago ebatziko duela, epaia idazteko momentuan. Hortaz, epaiketari aurreikusi bezala ekin diote.

Bost auzipetuek eta defentsaren lekuko gisa agertu diren bazkideek behin eta berriz nabarmendu dute Pannagh legezko elkartea dela, Eusko Jaurlaritzarenerregistroan agertzen dela, eta estatutuetan argi adierazten dela zein den elkartearen xedea: kalamuaren labore partekatua sortzea, bazkideek zirkuitu itxi batean kontsumitzeko.

Bazkideek urteko kuota bat ordaintzen zuten, eta beste bat kalamua jasotzen zutenean, laborearen gastuei aurre egiteko. Azken kuota hori bazkide bakoitzak hartutako kalamu kopuruaren araberakoa zen. Kopuru hori aldez aurretik ezarrita zegoen, eta gehienez 60 gramokoa zen. Bazkideetako askok arrazoi terapeutikoak zituzten kalamua kontsumitzeko: antsietatea apaltzen edo hainbat gaixotasunek sorturiko mina arintzen zuten horrela.

Bazkideetako batzuek adierazi dute elkartearen jarduera bertan behera geratu izanak behartu dituela merkatu beltzera jotzera kalamua lortu ahal izateko. Adierazpen horiek ez dira fiskalaren gustukoak izan, eta lekukoetako bati galdetu dio ea zer esan nahi zuen merkatu beltza esapidearekin: «Pannagh legezkoa izateagatik uste duzue ez zela merkatu beltzean aritzen?».

Operazioan parte hartu zuten Bilboko Udaltzaingoko zenbait kidek ere deklaratu dute. Esan dutenez, susmoa zuten Deustuko eraikin batean marihuana trafikatzen zutela, eta hainbat egunez zelatan egon ostean erabaki zuten elkartearen egoitza miatzea.

Akusatuak, «lasai»

Martin Barriuso Pannagh elkarteko presidente eta akusatuetako batek esandakoaren arabera, oso «lasai» daude, eta «absoluzioa» lortzeko asmoz joan dira epaiketara. «Uste dugu egiten genuena guztiz legezkoa zela, eta hori frogatzeko asmoz etorri gara».

Elkarteko kideek ez dute ulertzen nolatan iritsi den auzia epaiketara: «instrukzio epailearen temari eta fiskalaren jarrera oldarkorrari» egotzi diote. «Mundu guztiak daki marihuana landatzen genuela zirkuitu itxi batean merkatu beltzera jo beharrik ez izateko, eta honekin lortu dute guk merkatu beltzera jo behar izatea eta mafiei mesede egitea», esan du Barriusok.

Edozein modutan, arazoa «politikoa» da, Barriusoren ustez: «Eusko Legebiltzarrean eta Madrilgo parlamentuan erabaki behar da, eta ez epaitegietan. Sektore sozial nabarmena gara, milaka pertsona gara eta goiz edo berandu legea aldaraztea espero dugu».

Epaiketak gaur jarraituko du, adituen deklarazioekin eta defentsaren eta fiskalaren ondorioekin. Auzia gaur gera daiteke epaiaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.