Osasungintza

Kalamua droga arriskutsuen zerrendatik kendu du NBEk

Osasunaren Mundu Erakundeak eskatuta, landarearen osagaien balioa onartu du Nazio Batuen Erakundeak. Edonola ere, kontrolatu beharreko zerrendan jarraituko du.

Kalamua legeztatzearen aldeko mobilizazio bat, Mexiko Hirian, azaroaren 18an. JOSé PAZOS / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 2a
16:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Erabaki historikoa hartu du gaur Nazio Batuen Erakundeko Droga Narkotikoen Batzordeak Vienako egoitzan: kalamua eta haren erretxina —haxixa, alegia—, droga arriskutsuenen zerrendatik ateratzea erabaki du, gehiengo sinplez eta eztabaida sutsu baten ondoren.

Kalamua, orain arte, 1961. urtean onarturiko Drogen Inguruko Itunaren IV. atalean zegoen sailkatuta, heroinarekin batera. Zerrenda horretan daude arrisku handikotzat eta medikuntzarako balio txikikotzat jotzen diren gaiak. Kalamua itunaren I. atalean ere bazegoen sartuta, sendatzeko ahalmena izan arren kontrolatu beharrekotzat jotzen diren gaiekin. Gaurtik aurrera, azken zerrenda horretan egongo da bakarrik.

Europako Batasuneko estatu guztiek kalamuaren inguruko kontrola arintzearen alde bozkatu dute, Hungaria kenduta. Herrialde horretan Viktor Orban eskuin muturreko lehen ministroaren Fidesz alderdia dago agintean. Afrikako eta Asiako herrialde gehienek kontra bozkatu dute, baina Indiak eta Marokok, alde. Kontra bozkatu dutenek —Errusia, Txina, Kuba, Egipto, Pakistan eta Venezuela tartean— argudiatu dute erabakiak normaldu egingo duela kalamuaren kontsumoa, eta ez dituela kontuan hartzen osasunari eragin diezazkiokeen kalteak, besteak beste burukoari. Azkenean 27-25 nagusitu dira erabakiaren aldekoak, Ukrainaren abstentzioarekin.

Osasunaren Mundu Erakundearen jarrera erabakigarria izan da bozketan. Duela ia bi urte, kalamuak sendatzeko dituen gaitasunak onartu zituen OMEk, eta IV. zerrendatik kentzeko gomendatu zuen.

Eboluzio nabarmena egon da azken urteotan gizartean, kalamuari dagokionez. 2018an, Suitzako Lidl supermerkatu kateetan kalamua duten zigarretak salgai jarri zituzten, baita estankoetan ere, Zurichen eta Bernan. Saltzen den kalamuak mugatua du THC osagaia, hau da, tetrahidrokanabinola, kalamuaren gai psikotropikoa. Baina kanabidiol kontzentrazio handia dute. THCa ez bezala, kanabidiola (CBD) legezkoa da, edo, behintzat, ez dago horren jazarrita, ez delako psikotropikotzat jotzen. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), ez du eraginik, ez da osasunarentzat kaltegarria, eta ez du menpekotasunik sortzen. Edonola ere, medikuntzarako balio handiko osagaia da, besteak beste analgesikotzat eta antiinflamatoriotzat jotzen dutelako, eta antsietatearen kontrako gaitzat.

Aritz Aranburu surflariak egunkari honetan bertan kontatu zuen joan zen astean denbora daramala CBDa erabiltzen, eta horrekin eduki duen esperientziaren berri eman zuen.

NBEk gaur harturiko erabakiak kalamuak medikuntzarako ematen dituen aukerak ikertzeko lanean asko lagunduko duela espero da. Izan ere, orain arte oso mugatuta zegoen ikerketa debekuengatik, eta herrialde bakoitzaren lege ezberdinengatik. Adituen arabera, ordea, aldaketak ez du berehalako eraginik, horren inguruko legeak estatuek aldatu behar dituztelako. Edonola ere, balio sinboliko handia du, garaipen handia da kalamua zigorgabetzearen aldeko ekintzaileentzat, eta eragin handia edukiko du aurrerantzean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.