Erakundeek kale egin dute. Aspalditik jakina zen Donostiako Martutene auzoko agustindarren eskola zaharra hustu egingo zutela, eta bertan bizi ziren migratzaileek eraikinetik atera beharko zutela —duela hiru aste 111 ziren—. Hala ere, husteko agindua eta data iritsi denean erreakzionatu dute: Donostiako Udalak, korrika eta presaka; segurtasunaren arduradunek, neurriz kanpoko polizia operazioa antolatuta.
Udalak lo egiteko lekua eskaini die eraikinetik kanporatutako migratzaile horietako 50 ingururi: La Sirena, neguan hotz handia egiten duenean bakarrik zabaltzen duten aterpetxea. Baina etxegabeekin eta migratzaileekin lan egiten duten elkarteek salatu dutenez, Martuteneko migratzaile guztiei ez zieten jakinarazi La Sirena zabalduko zutela, eta asko kanpoan geratu dira. Ehun pertsonarentzako lekua dago aterpetxean, eta elkarteek aspalditik eskatu dute aterpetxe hori egunero irekitzeko. Donostian 500 bat pertsona bizi dira kalean.
Jon Insausti Donostiako alkateak harrotasunez esaten du beretzat «ohorea» eta «opari bat» dela donostiarrek hirian bertan bizi nahi izatea; baina gehienek ezin dute. Donostiarrek ezin badute, are gutxiago ia ezer gabe iritsitako migratzaileek, jabetza apurrak bi poltsatan edo maleta batean biltzen dituztenek, bizkar gainean motxila astun eta ikusezina daramaten horiexek. Eta horiek ere Donostian bizi dira, herritar gehienek ikusten ez badituzte ere, eta hiriaren postalean agertzen ez badira ere.
Erakundeen benetako erantzuna iristen den bitartean, elkarteak saiatzen dira arintzen administrazioek etxegabeekiko duten arreta falta. Hobe lukete erakundeek gizarte talde horiekin elkarlanean arituko balira eta haien lana babestuko balute
Atentzioa ematen du zer-nolako arreta eta laguntza gutxi jaso duten Martuteneko migratzaileek, esate baterako, Donostiako Amara auzoan zeuden Maliko asilo eskatzaileekin alderatuta. Malikoak hiriko plaza batean bildu ziren, espazio publikoa okupatu zuten, herritarrek ikusi egiten zituzten eta komunikabideek haien egoeraren berri eman zuten. Martutenekoak, magrebtarrak, herritar gehienentzat ezkutuan egon dira, hiriaren periferiako auzo batean, platanondo luzeek ezkutatuta, alde batean trenbidea, bestean errepideak.
Alkateak arrazoi du: Donostiak bakarrik ezin dio aurre egin arazoari. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, laguntza eta baliabideak behar ditu. Erakundeen benetako erantzuna iristen den bitartean, elkarteak saiatzen dira arintzen administrazioek etxegabeekiko duten arreta falta. Hobe lukete erakundeek gizarte talde horiekin elkarlanean arituko balira eta haien lana babestuko balute.
Poliziaren atzoko operazioa antolatu eta onartu zutenek ere kale egin zuten. Indar erakustaldia egin zuten, indar erakustaldirik behar ez zuen egoera batean. Jakina baitzen migratzailerik geratzekotan gutxi batzuk geratuko zirela: noraezean, Martuteneko eraikinean bizitzeak abailduak eta poliziei aurre egiteko indarrik eta gogorik gabe. Polizia operazioa antolatu eta onartu zutenek, gogoa eta borondatea izanez gero, egin zezaketen bestela. Dozenaka polizia bidali zituzten bederatzi pertsona identifikatzeko. Zakurren unitatea eta guzti. Gaizkilerik ez zuten topatu.
Komunikabideok ere kale egin dugu. Autokritika egin beharko genuke. Gehienentzat migratzaile horiek orain bihurtu dira albiste, eraikina husteko agindua jakinarazi denean, eta orain eman diegu hitza. Herritarrentzat bezala, komunikabide ia guztientzat ikusezinak izan dira, zenbaki bat, multzo bat asko jota. Baina haiekin hitz eginez gero, berehala azaleratzen dira istorio gordinak —sorterrietakoak eta Euskal Herrikoak—, ilusioak, ametsak, zalantzak... pertsonak.