Iruñeko euskararen ordenantzaren arabera, ele biz idatzi behar dira herritar guztientzat diren bide seinale, kale izen eta kartel publikoak. Hots, euskaraz eta gaztelaniaz. UPNren agintaldian, baina, ordenantza hori behin baino gehiagotan urratu zuen Iruñeko Udalak, kale izenak eta bestelako seinaleak gaztelaniaz jarrita. Konstituzio plaza eta Donejakue Bideko parkea dira horren adibiderik garbienak, biak ala biak gaztelania hutsean izendatu baitzituen Enrique Maiaren gobernu taldeak: Constitución plaza eta Camino de Santiago parkea, alegia. Halakoak zuzentze aldera, Iruñeko Udal berriak iragarri du hiriburuko kale izendegi osoa «berrikusiko» duela, eta «jarrera proaktiboa» izanen duela, «ziurtatzeko euskararen ordenantzak exijitzen duen elebitasuna bermatzen dela». Zaloa Basabe Berdintasun, Ekintza Komunitario eta Euskara zinegotziak eta Joxe Abaurrea Gobernu Estrategiko, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak eman dute erabakiaren berri.
Kale izenez gain, gaztelania hutsean idatzitako kartel informatiboak ere euskaratu asmo ditu udalak, eta Trinitarioen parkeko Kostarapea II aparkalekuan daudenekin hasiko dira. Izan ere, kasu hori auzibidean zen iazko uztailetik: «Herritar batek udalari eskatu zion erreserbatua hitza ele biz ager zedila desgaitasunen bat dutenentzako aparkalekuetan, baina gaztelania hutsean dira oraindik». Cristina Ibarrolaren agintaldian izan zen hori: Iruñeko Udalak ez zuen erantzun —isilbidezko ezespena deritzo horri—, eta herritar horrek helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian. Oraingo udalak erabaki du auzibidea ixtea, eskaerari arrazoia emanez eta kartela ele biz paratuz. Zabalik dauden gainerako prozesu guztietan ere, antzeko jokabidea izanen du udalak.
Abaurreak eta Basabek gogorarazi dute euskararen ordenantzak zurian beltz jasotzen duela nola bermatu behar den elebitasuna paisaia linguistikoan: «Euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan». Irizpide horri segika, Iruñeko kale izen guztiak berrikusiko dituzte pixkanaka, ordenantza betetzen dela ziurtatzeko, eta aurrerantzean, horren arabera jarriko dituzte kale izen berriak ere.
Ordenantzaren arabera, bi txosten eskatu behar ditu udalak, kale bati izena jarri baino lehen: bat Udal Artxiboari, bideetarako izenak eskatzeko, eta bestea euskara teknikariari, aukeratutako terminoaren euskarazko molde egokia finkatzeko. Basabek eta Abaurreak aitortu dutenez, baina, prozedura hori «ez da beti bete», eta badira euskarazko izenik ez duten kaleak: «Batzuek, toponimoek adibidez, ez dute itzulpenik behar, baina, hala ere, itzulita agertu beharko litzateke zer bide mota izendatzen duten: kalea, bidea, plaza, parkea, etorbidea...». Hemendik aurrera, udalak ebatziko balu toki izenen batek araua urratzen duela, Euskaltzaindiaren txostenak erabiliko dituzte irizpide nagusi gisa, izen egokia zein den argitzeko.
Agiriak eta errolda, euskaraz
Gobernu taldeko zinegotziek azaldu dute, gainera, zenbait herritar kexu azaldu direla, administrazioak bidalitako errolda agirietan aipatzen diren kale izenak gaztelania hutsean zeudelako. Agiriak euskaraz bidaltzeko eskaera egin zuen beste batek. Orain arte, udalak ez die erantzunik eman eskaera horiei: «Udalaren Aholkularitza Juridikoaren arabera, udalak ez du bete eskaerak sei hilabeteko epean ebazteko betebeharra». Eskaerak onartu, eta agiri ofizialak euskarara itzulita igorriko ditu udalak. Izan ere, euskararen ordenantzaren 6. eta 8. artikuluek udala behartzen dute komunikazioak ele biz igortzera. Honakoa dio arauak, zehazki: «Herritarrek gai honetan dituzten eskubideak errespeta daitezen eta neurri [material eta teknologiko] egokiak ezar daitezen, herritarrek Iruñeko Udalak jakinarazten dizkien komunikazioak bi hizkuntzetan jasotzeko duten eskubidea gauzatzeko, eta, zehazki, errolda ziurtagiria euskaraz jasotzen dutenean kalearen izena ele bitan ager dadin». Hori ere errespetatuko du Iruñeko Udalak aurrerantzean.