Kalea hartuko dute LGTBIfobiaren aurka

LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta protestatzera eta mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko hamaika txokotan. Donostian iaz 24 eraso LGTBIfoboren berri jaso zuten.

2022ko LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean Bilbon egindako elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean Bilbon egindako elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 17a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Euskal Herriko hamaika txokotan homofobia eta transfobia salatzeko eta LGTBI komunitateari babesa adierazteko mobilizazioak zein elkarretaratzeak antolatu dituzte. Besteak beste, Iruñean, Bilbon, Baionan, Hernanin eta Errenterian (Gipuzkoa) hartuko dituzte herritarrek kaleak. Izan ere, Euskal Herrian «transfobia, lesbofobia, homofobia eta bifobia» eguneroko kontu direla salatu du EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak gaurko egunaren harira: «Ezin diegu zirrikitu txikiena ere utzi kaleetan, sareetan edo jendartean. Aurrean gaituzue, eta zorroztuak ditugu lumak!».

OME Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasuntzat jo zuen urte luzez, hain zuzen 1990eko maiatzaren 17ra arte. Egun horretan, erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kentzea erabaki zuen. Ordutik, urtero milaka lagun ateratzen dira kalera mundu osoan gertakizun hori omentzeko. Hala ere, LGTBI komunitateko kideek oraindik indarkeria jasaten dute benetan nor diren erakusteagatik eta azaleratzegatik. Hori dela eta, eskubideen alde borrokatu eta gorroto diskurtsoen aurka egiteko eguna ere bada gaurkoa.

Aurten ere ez da manifestazio deialdi orokorrik egon Euskal Herrian; horrenbestez, lekuan lekuko taldeei egokitu zaie mobilizazioak antolatzea. Baionan, esaterako, Les Bascos LGBT+ Pays Basque taldeak elkarretaratzera deitu du herriko etxean, 12:00etan. Ipar Euskal Herriko LGTBI talde horrek «beharrezkotzat» jo du «LGTBI+ ez direnak ere LGTBIfobiaren aurka agertzea», indarkeria mota horrek «gizarteari» kalte egiten baitio. Sare sozialetan zabaldu duten adierazpenean salatu dutenez, «ezinbestekoa da LGBTI+ erasoei aurre egiteko laguntza dispositiboak indartzea». Gaineratu dutenez, «sexu orientazioaren inguruko formakuntzak areagotu» beharko lirateke, LGTBIfobiari aurre egiteko tresna baitira.

Bilbon E28 koordinakundeak antolatu du kontzentrazioa. Zuen biolentzia, gure erresistentzia lelopean bilduko dira herritarrak, 19:00etan, Arriaga Plazan. Iruñean, berriz, E28J plataformak egin du deialdia. Nafarroako hiriburuan 20:00etan egingo dute elkarretaratzea, Sarasate pasealekuan.

Herrietako LGTBI taldeek ere ekintzak antolatu dituzte LGTBIfobia salatzeko. Errenteriako Kuirdinadorak, adibidez, elkarretaratzera deitu du herriko plazan, 19:00etan. Getxon (Bizkaia) ere eskualdeko LGTBI taldeak elkarretaratzea antolatu du: Ukatu Urola Kostako LGTBIQ+ taldeak deialdia egin du 18:00etan Andra Mariko kiroldegian elkartzeko.

Erasoen areagotzea

LGTBIfobiaren Nazioarteko Egunaren harira, Donostiako Udalak iaz zenbat eraso LGTBIfobiko gertatu ziren biltzen dituen txostena aurkeztu du. 2024an, 24 eraso LGTBIfobo izan ziren Donostian, Sorginlore elkarteak egindako eta atzo aurkeztutako txostenaren arabera. Kopuruak kezka eragin du udalean.

Izan ere, atzo aurkeztutako txostena gisa horretako laugarrena da; eta 2021etik 2023ko txostenek eraso LGTBIfoboen beherakada bat erakusten zuten: hemeretzitik hamabostera igaro ziren hiru urtean. Ane Oiarbide Donostiako Berdintasun zinegotziak, baina, adierazi zuen atzoko txostenak joera hori apurtu duela eta hirian «zoritxarrez, errealitate gordin» horrek baduela bere arrastoa: «Nahiz eta batzuek uste duten arazo hori gaindituta dagoela, oraindik erasoak, bazterketak eta isekak gertatzen dira. Ezin dugu halakorik onartu».

24 eraso horietatik hemeretzi gay-en aurkakoak izan ziren, hau da, %79,2. Transfobiari eta lesbofobiari dagokienez, bina erasoren berri jaso zuten iaz. Gizonei erasotzen diete gehien; eta gizonak dira ere erasotzaile gehienak: erasoen %62,5 gizonek egin zituzten. Datu horrek, halere, behera egin du azken urtean. Izan ere, 2023an erasoen %80 gizonek egindakoak ziren.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 450 gune baino gehiago daude LGBTI+ Puntu seguruen sarean

LGTBI+ Points LGTBI komunitateko kideentzako seguruak diren guneen sareak 450 gune baino gehiago ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ortzadar LGBTI+ elkarteak antolatu du egitasmoa, eta ekintzan izena eman duten erakundeek eta enpresek jarraibideak jasoko dituzte eraso egoera batean nola jardun jakin dezaten. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen ekintzan parte hartuko zuela. Horrenbestez, hainbat erakunde publiko LGTBI+ Puntu Seguruen sarean egongo dira; Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Trenbide Sarea eta Ertzaintza, besteak beste. Gune seguruek bereizgarriak jarriko dituzte sarreretan, eta ortzadarlgbti.eus webgunean horiek biltzen dituen mapa bat dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.