EUSKAL PRESOAK

Kalean dira Enparantza eta Zulueta

11/13 auziko kartzela zigorra beteta, Zulueta aske utzi dute goizean, eta Enparantza eguerdirako atera da espetxetik. Irailaren 30ean sartu zituzten biak Zaballako espetxera (Araba), baina urrundu egin zituzten segidan: Enparantza Estremerara (Madril) eraman zuten, eta Zulueta, Picassentera (Valentzia, Herrialde Katalanak).

Arantza Zulueta, gaur, Picassenteko espetxetik atera berritan. BERRIA
2020ko otsailaren 11
13:45
Entzun

Iazko irailaren 16an hasi eta bukatu zen 47 lagunen aurkako 11/13 auziko epaiketa, Madrilen, eta, aldeen artean akordio bat eginda, 47 auzipetuetatik bik baino ez zuten espetxera joan behar izan: Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak. Espainiako Auzitegi Nazionalak haiei soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxe zigorra: Zuluetari, hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egunekoa; eta Enparantzari, berriz, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Lehendik egonak ziren preso, behin-behinean, eta zigorra osatzeko joan behar izan zuten kartzelara. Irailaren 30ean sartu ziren Zaballako espetxean (Araba). Goizean utzi dute aske Zulueta, eta Enparantza eguerdian atera da espetxetik.

Espetxean sartu eta aste batzuetara, Madrilek urrundu egin zituen: urriaren amaieran, Enparantza Estremerako kartzelara eraman zuten (Madril) eta, azaroaren bigarren astean, Zulueta Picassentekora (Valentzia, Herrialde Katalanak). Enparantzaren kasuan, familiak «bahiketa» salatu zuen, lau bat egunez egon zirelako haren berririk izan gabe. Zuluetaren kasuan, abokatuak eskatu zuen ez lekualdatzeko, baina Madrilek ez zion jaramonik egin.

Zulueta eta Enparantza libre geldituta, 246 preso daude Frantziako eta Espainiako kartzeletan. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak dira horietatik 237: hiru soilik daude Hego Euskal Herriko espetxeetan, 36 Frantziako Estatuan, eta 198 Espainiakoan.

Jon Enparantza, gaur, Estremerako espetxetik atera berritan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.