Kaleko saltzaileak bakean uzteko eskatu diete poliziei

Bilbo aldeko 50 bat elkartek babestuta, ehunka lagun elkartu dira Plaza Biribilean. Ertzaintzak eta udaltzainek kaleko saltzaileen kontra darabilten bortizkeria salatu dute, eta indarkeria eta «arrazakeria poliziala» baztertzeko eskatu.

Kaleko saltzaileen aldeko elkarretaratzea, Bilbon, gaur iluntzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Kaleko saltzaileen aldeko elkarretaratzea, Bilbon, gaur iluntzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
mikel p ansa
2024ko apirilaren 18a
20:00
Entzun

Kaleko saltzaileek maiz salatzen dute Polizia beti atzetik dutela, baina apirilaren 4an Bilbon gertatutakoa lazgarria iruditu zaie, eta nahikoa dela esateko elkartu dira gaur, Plaza Biribilean. Babes handia jaso dute. Bilbo aldeko 50 bat elkartek izenpetu dute agiria, eta ehunka lagun bildu dira elkarretaratzean gaur. Aski dela esan diete poliziei, uzteko kaleko saltzaileak bakean. Arrazakeriaz jokatzea leporatu diete, eta «bortizkeria» bertan behera uztea galdegin. Atzerritarren Legea baliogabetzeko ere eskatu dute, eta «profil etnikoaren araberako eraso arrazistak» eta udaltzainen zein ertzainen «etengabeko jazarpena» behingoagatik gelditzeko.

Kaleko saltzaileek maiz dute Polizia atzetik. Baina apirilaren 4ko gertakariek urduritu egin dituzte, eta erantzutea erabaki dute. Kaleko saltzaileen Mbolo Moye Doole elkarteak antolatu du gaurko protesta. Duela bi asteko polizia operazioa nola izan zen esplikatu dute. «Beste edozein arratsaldetan bezala, 30 gazte senegaldar Ledesma kalean zeuden, salgaiak lurrean zituztela. Normalean Bilboko Udaltzaingoa pasatzen den arren, egun hartan Ertzaintza agertu zen». Eta poliziak eskularruak janzten hasi ziren.

Lekukoek laurogei bat polizia zenbatu zituzten, ertzainen eta udaltzainen artean. Txakurrak ere bazeramatzaten; salatu dutenez, mozalik jarri gabe.

Gazteak korrika hasi ziren. Poliziak ere bai, atzetik. «Salgaiak bereganatu, identifikatu, motxilak miatu eta objektu pertsonalak ere hartu zizkieten; immobilizatu, eta mehatxu egin zieten. Gainera, gazte saltzaileak eta gerturatutako beste pertsona batzuk jo zituzten borrekin, eta txakurrak askatzeko mehatxuak ere egin zituzten». Asaldatuta daude gazteak. «Ez zuten espero, eta ez dute horrelako traturik merezi. Ezerk ez du halako dispositibo eta indarkeriarik justifikatzen», adierazi dute elkarretaratzera deitzeko agirian.

«Arrazismoa eta indarkeria poliziala» ikusten dituzte gertatutakoen atzean. «Kaleko saltzaileen aurkako jazarpena etengabekoa da». Iaz ere izan ziren arazoak, herritar batzuk kaleko saltzaileak babesten saiatu zirelako eta udaltzainek herritar horien kontra egin zutelako. Baina polizien jardun horiek ugaritu egin direla salatu dute. «Eta turista gehiago dagoen garaietan, jai eta kirol ekitaldietan, areagotu egiten da».

Herritar arrazializatuak kriminalizatzeko ahalegin bat sumatzen dute protesta egin dutenek, eta instituzioei eskatu diete bazterketa eta kontrol mekanismoak bertan behera uzteko. «Bizirik irauteko ekonomian ari direnen kontrako indarkeria salatzen dugu. Hori dute bizitzeko bitarteko bakarra, eta eguneroko indarkeriaren mehatxupean egin behar dute, gainera».

Plaza Biribileko elkarretaratzea babestu duten elkarteen artean daude SOS Arrazakeria, harrera talde ugari, feministen taldeak, LGTBI taldeak, migratzaileen elkarte batzuk, kultur elkarte batzuk, Sortu, LAB sindikatua, Mugarik Gabe, Denon Bizitzak Erdigunean, eta beste asko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.