Bilbo

Kaleko saltzaileen aurka egin, eta bi lagun atxilotu dituzte udaltzainek Bilbon

Bilboko Areatza inguruko gunean sartu dira udaltzainak kaleko saltzaileei materiala kentzera, eta tentsioa sortu da inguruan zirenen eta polizien artean.

Udaltzainak eta ertzainak, bart, Plaza Biribilean. @MIKEL_AO_
2019ko abuztuaren 22a
07:16
Entzun 00:00:0000:00:00

23:00 aldera izan da, Bilboko Aste Nagusiaren harira Areatza inguruan jartzen duten txosnagunean. Su festaren ondoren, udaltzainak sartu dira kaleko saltzaileei materiala kentzera. Inguruan zirenek protesta egin dute, eta polizien atzetik joan dira Nafarroa kalean gora.

Plaza Biribilean, udaltzainek eta Ertzaintzaren lauzpabost furgonetak bidea itxi diete, eta tentsioa piztu da han ere. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, lagun bat atxilotu dute han. Bilboko Udalak bi atxiloketa baieztatu ditu, eta argudiatu du Arriaga ondoko zubian "lekua uzteko" jo zutela han zeuden saltzaileen aurka. Atxilotuetako bat adingabea da, eta aske utzi dute dagoeneko; bestea gaur goizean artean ere polizia etxean zeukaten. Udaltzainei jotzea egozten diete, agintearen aurkako atentatu delitua; zehazki, agente bati lesioak eragitea.

Mekauen konpartsak kontatu du, esaterako, "porrak ere erabili" dituztela udaltzainek. Herritarrek salatu dute saltzaileak kolpatu dituztela eta udaltzainek autoekin arriskua eragin dutela: "Adingabekoak, negar batean, autoek ia familiakideak harrapatu dizkietelako".

Joan den astean bertan, SOS Arrazakeriak Bilboko Udalari eskatu zion udaltzainek ez dezatela "oztopatu" saltzaileen lana, eta kanpaina bat jarri zuten martxan "indarkeria arrazistarik gabeko" jaien alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.