Euskal Presoak

Kalera Kalera: "Preso politikoak dauden artean, ez da bakerik"

Azken urtean, Espainiak hiru euskal preso "errukirik gabe hiltzen utzi" dituela salatu du Kalera Kalera dinamikak. Larunbatean, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du.

Sorturen ekitaldia, Galdakaoko pilotalekuan, preso politikoen nazioarteko egunaren harira. ARITZ LOIOLA, FOKU
2018ko apirilaren 17a
21:16
Entzun

Euskal Herrian bakea eta bizikidetza lortzeko, ezinbestekoa da "presoak kaleratzea eta iheslariak herriratzea", hainbat preso ohi eta iheslari biltzen dituen Kalera Kalera dinamikaren esanetan. Galdakaoko pilotalekuan (Bizkaia), preso politikoen nazioarteko egunaren harira antolatu duen ekitaldian, ohartarazi du bakea ez dela posible "preso politikoak dauden artean". Horrenbestez, ehunka preso, deportatu eta iheslariren egoerari irtenbidea bilatzera deitu du, "jakinik, inork ez digula ezer oparituko".

Egoera larria dela ohartarazi dute. Horren isla, azken urtean Espainiako kartzeletan hiru euskal preso hil izana. Espainiari leporatu dio "errukirik gabe hiltze utzi" izana. Horrez gain, nabarmendu dute presoen senideek haien bizia arriskatu dutela, espetxetara bisitan joaten diren aldiro errepidean ehunka kilometro eginez.

Oihana Garmendiak salatu duenez, EPPK-ko kideek bide legaletatik haien egoera hobetzeko urratsak eman dituzten arren, estatuak ukatu egin die aukera hori. "Batez ere, lehen gradutik irteteko eskaerak egin dituzte, baina eragotzi egiten zaie erregimen orokorrera aldatzea; ez behin, lau instantzia desberdinetan baizik".

Ainhoa Etxaidek aitortu du espetxeetako giltza estatuak daukala, baina mobilizaziora deitu du Espainia jarreraz aldatzera behartzeko. "Gure esku dago giltza kentzeko borroka indartzea eta zabaltzea. Ez dago aitzakiarik, ekimen herrikoiek herria mugitzen dute. Herria mugituz kaleratuko ditugu".

Ildo horretan, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute. "Premiazkoa da dispertsioa indargabetzea, gaixotutako preso etxeratzea eta lehen gradua amaitzea". Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Casillatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.