Gaur goizean, 11:30ean, Kalera Kalera ekimenak antolatutako presoen aldeko Kalera martxa Martin Ugalde kultur parketik igaro da, Andoainen. Parkeko hainbat langile agertu dira, argazki bat atera dute, eta horietako batzuk martxari batu zaizkio.
Martxaren zazpigarren etapa da, hain zuzen ere, Andoaindik pasatutakoa. Uztailaren 26an Gipuzkoan jarraituko du, Hernanitik Ibarrarako bidea egingo baitu, Anoetatik igarota, hogei kilometroko bidea.
Kalera martxa joan den uztailaren 20an abiatu zen, Gernika-Lumotik (Bizkaia), eta bihar iritsiko da Lakuntzara (Nafarroa). Hain zuzen ere, presoen aldeko Hatortxu Rock jaialdia hasiko da, egun horretan, Lakuntzan.
Rafa Diez, egun bat lehenago kalean
Datorren abuztuaren 17an irtengo da kartzelatik Rafa Diez, Bateragune auziaren ondorioz ezarri zioten sei urte eta erdiko kartzela zigorra bete ondoren.
Hasiera batean, abuztuaren 18an zen ateratzekoa, baina haren seme Naikek Twitterren iragarri du egun bat aurreratu dutela irteera.