«Euskaraz artatu nautenetan, eskertu egin dut, eta konfiantza handiagoko eremu batean sentitu dut neure burua». «Nik euskaraz adieraztean, adierazi nahi dudan hori nire barnetik dator, ez dut itzulpenik egin behar». «Haurdun egonik, errebisioetan eta erditzean emaginekin euskaraz egiteak izugarrizko lasaitasuna sentiarazi zidan». «Erizaina naiz, eta behin baino gehiagotan itzulpen lanak egin behar izan ditut medikuak euskaraz ez dakielako eta pazienteak zailtasunak zituelako zer gertatzen zitzaion gazteleraz kontatzean»...Hizkuntza eta osasuna txirikordan ikerlanean jasotako bizipenetako batzuk dira horiek, usuegitan erdaraz bakarrik dakiten osasun zerbitzu askotarikoetan euskaldun hainbatek izaten dituzten esperientzia arazotsuen erakusgarri. EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak egin dute, ia ehun lagunen erantzunak jasota eta aztertuta. EHUko Farmazia Fakultateko ikertzaile eta irakasle Jon Zarate Sesma izan da ikerketaren egileetako bat (Lekeitio, Bizkaia, 1979). Azterketan ikusi eta ikasitakoen gaineko xehetasunak eman ditu.
Zerk bultzatu zaituzte ikerlan hau egitera?
Badaramatzagu ja urte batzuk gai hau arakatzen, eta badaukagu hipotesi bat: zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, ezinbestekoa da pazienteak hautatzen duen hizkuntzan ematea arreta. Kalitatea hobetzeko, erabiltzaileak hautatutako hizkuntzan eskaini beharko genuke osasun arreta integrala, ahoz zein idatziz. Hortik tiraka, euskara arretarako hizkuntza gisara hautatu duten pazienteei eta zenbait profesionali galdetzea izan da ikerketaren helburua. Izan ere, hori esaten du ebidentzia zientifikoak: pazienteen esperientzietan oinarritu behar dugu gure arretaren kalitatea neurtzeko.
Hipotesi horren inguruan dagoen ezagutzan beste adreilu bat jarri nahi izan duzue, beraz, azterlan honekin?
Bai, hori da. Euskal Herrian Euskaraz-en sareetatik zabaldu genuen galdetegia, eta nahi genuen gure lagina izatea berez arreta jasotzeko hizkuntza gisara euskara hautatu duten pertsonak, erabiltzaileak. Horra bideratuta dago azterlan hau. Batetik, mugak jasotzeko: noizbait mugatuta sentitu diren, eta zergatik. Eta, gero, bizipen onak ere jaso nahi izan ditugu: euskaraz arreta jasotzeagatik bizi izan dituzten esperientzia onak. Izan ere, lehen esan dut: esperientziak neurtu behar ditugu arretaren kalitatea neurtu ahal izateko.
«Osasun profesionala euskaraz hartu-emana izateko gai denean, pazienteak erosoago sentitzen dira, gertuago, lasaiago, seguruago...Oso agerikoa da hori»
Zer esan dizuete galdetegia erantzun dutenek? Zergatik da haientzat garrantzitsua euskarazko arta?
Osasun profesionala euskaraz hartu-emana izateko gai denean, pazienteak erosoago sentitzen dira, gertuago, lasaiago, seguruago... Oso agerikoa da hori. Aukeratu dugu lagin bat espresuki hori ikusarazteko, eta oso potentea da haien hitzetan irakurri ahal izatea zer garrantzi daukan haientzat euskaraz artatuak izateak. Ondorioetan zera ere jaso genuen: askok umeei egiten diete erreferentzia. Pediatriako kasu asko azaltzen dira, geriatriakoak ere bai...
Hain justu ere, pediatrian eta geriatrian aparteko garrantzia du hizkuntza hautua bermatzeak, ezta?
Bai, ez genuke nahi horretara bakarrik mugatzea, hau integrala baita, baina bereziki jaso ditugun deskribapen askotan umeak daude tartean, adineko jendea, eta buruko gaitzen alorra ere askotan agertzen da. Hori ere azpimarratzekoa da, bai.
«Ahalegin berezia egin beharko genuke, adibidez, pediatra erdaldunak ez izatean, eta buruko gaitzetan, baita geriatrian ere»
Hizkuntza hautatuan arta ematea segurtasun klinikorako berme dela azaldu duzue ikerlanaren ondorioetan. Nola azaldu segurtasun klinikoa auzitan jartzen dela hizkuntza hautua errespetatzen ez denean?
Segurtasun klinikoak bi atal ditu. Batetik, erabiltzailearen eta osasun profesionalaren arteko hartu-emana, kontsultan bertan egiten den ariketa hori. Eta badago beste elementu bat: profesionalen arteko lan hizkuntza. Ebidentzia zientifikoak esaten du pazienteak eskatzen duen hizkuntzan eman behar dela osasun arreta integrala, ahoz zein idatziz; beraz, paziente batek lehentasunezko hizkuntza euskara hautatu badu, profesionalak euskaraz egin behar luke ariketa hori, baita profesionalen arteko hartu-emana tartean dagoenean ere: historia klinikoan eta idazten den dokumentazio guztian.
Zer gertatzen da? Ariketa hori euskaraz egiten badugu, adibidez historia klinikoa euskaraz idatzi, segurtasun klinikoa kolokan jartzen ari garela. Baina nor ari da segurtasun kliniko hori kolokan jartzen? Bere lana estandar klinikoen arabera, kalitatearen ebidentzia zientifikoak dioenaren arabera, ondo egiten ari den osasun profesional hori, edo hizkuntza hori ulertzen ez duen osasun profesionala? Izan ere, zirkuitu bat da hau guztia: familia mediku batek idazten duen historia klinikoa gero, adibidez, espezialista batek irakurri behar du. Hor dago gakoa. Gaur egun euskara ulertzen ez duten hainbat osasun profesional daude, baina argi izan behar genuke segurtasun klinikoa kolokan jartzen ari den profesionala euskara ulertzen ez duen profesional hori dela, eta ahalegin guztia egin beharko genuke hori erremediatzeko. Guk planteatzen duguna da garrantzitsuena dela horiek ere euskalduntzea: horretara jo behar genuke, hori da gure helmuga.
«Argi izan behar genuke segurtasun klinikoa kolokan jartzen ari den profesionala euskara ulertzen ez duen profesional hori dela»
Nola egin bide hori?
Badakigu egun batetik bestera ez dela lortuko. Ulertzen ez duten horiek euskalduntzea oso garrantzitsua da, eta sartzen diren berriak hizkuntza eskakizunarekin sartu behar dira, C1arekin. Badakit osasun profesionalen gabezia dagoen testuinguru batean askotan ezkutatu egiten dela hau guztia, baina argi izan behar dugu horretara jo behar dugula. Ez litzateke zalantzan jarri behar hori. Eztabaida dezagun nola egingo dugun, eta hor badauzkagu desadostasunak, baita ados gaudenon artean ere.
Teknologia berrien erabilerak, itzultzaile automatikoen erabilerak-eta, erraztu egin ditzake aurrerabideak osasun sistemen euskalduntzean?
Eztabaida handienetako bat hori da. Bagaude batzuk ez dugunak itzultzaile automatikoa lehenetsi nahi. Zergatik? Lehentasuna gure ustez zera delako, babesa ematea beren lana euskaraz egingo duten osasun profesional horiei; argi eta garbi erakutsi beharko litzaieke erakundeen babes hori. Osakidetzak, adibidez, berme eta babes osoa eman behar lieke beren lana kalitatez egin nahi duten osasun profesionalei. Eta, bigarrenez, gure ustez askoz ere egokiagoa da euskarazko zirkuituak martxan jartzea, ikuspuntu estrategiko batetik. Gero, itzultzaile neuronalaren sistema, adibidez, osagarri moduan, kasuan-kasuan, erabil dezakegu.
«Gure ustez, garrantzi handiegia ematen ari zaizkio itzultzaile neuronalari; hasieratik jartzen badugu erreminta hori, ez dugu lortuko benetan nahi dugun helmugara iristea»
Beraz, tankera horretako teknologien erabilera neurtuaren alde?
Gure ustez, garrantzi handiegia ematen ari zaizkio itzultzaile neuronalari, baina, hasieratik jartzen badugu erreminta hori, ez dugu lortuko benetan nahi dugun helmugara iristea: profesional elebidunez osatutako osasun sistema batera, alegia. Gainerakoan, itzultzaile neuronalaren erabileraren inguruan mezu hau ematen ari gara: «Ez duzu zertan euskaraz jakin Osakidetzan lan egiteko. Itzultzaile neuronala dago, zu lasai». Erreminta oso-oso egokia eta erabilgarria da, noski, baina lehendabizi egin ditzagun politikak lehentasun gisa, eta tresna hori erabili oso mugatua den testuinguruetan. Gaiari buruzko eztabaida sosegatu bat behar dugu, zintzoa.