Zentral hidroelektriko berria eta hari lotutako ubidea egin nahi dituzte Ebro ibaian, Mendabian (Nafarroa), segundoko 99 metro kubo ur hartzeko. Joan den urtarrilean izan zuten hango herritarrek proiektuaren berri, eta haietako hainbat berehala hasi ziren lanean haren aurka. Zentralari Ez plataforma osatu eta sinadurak bildu dituzte, bertzeak bertze. Zentralak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteak salatu ditu elkarteko kide Antonio Ezkerrok (Mendabia, Nafarroa, 1955), eta nabarmendu du ez dela behar.
Nola izan zenuten proiektuaren berri?
Kasualitatez jakin genuen zentral hidroelektrikoa egiteko asmoa bazela. Gure herrian ureztatze sistema tradizionala dugu. Aspalditik bada, ordea, lurzatiak batzeko plana. Eginen zutela, ez zutela eginen, hainbat bilera izan dira. Eta horietako batean esan zuten bazela ubide bat egiteko proiektu bat. Mugitzen hasi, eta ohartu ginen urtarrileko Nafarroako Aldizkari Ofizialean haren berri agertu zela. Informazioa biltzen hasi ginen, eta martxoan plataforma osatu genuen.
Zergatik erabaki zenuten taldea osatzea?
Hasieratik ikusi dugu gauzak ez direla ongi egin. Ebro ibaiko bi aldeei eragiten die proiektuak: guri, bai eta Errioxari ere [Espainia]. Hango aldizkari ofizialean 2013ko abenduan argitaratu zuten, ordea; hemen baino lehenago, alegia. Gero jakin genuen azaroan eman ziela Ebroko Ur Konfederazioak udalei proiektuaren berri. Eta orduan hasi ginen proiektua osorik ezagutzen.
Zein da, zehazki, egitasmoa?
Ubidea egin nahi dute, zentral hidroelektriko bat ustiatu ahal izateko. Segundoko 99 metro kubo ur hartuko ditu zentral horrek. Udako batez bestekoa horren erdia da. Ubidea 51 metro zabal izanen da, eta 6,65 metro sakon. Bi zati izanen ditu: bat 5,7 kilometro luze izanen da. Ebroko ura hartu eta 5,7 kilometroko bidea eginen du ubidearen zati horrek, zentrala egonen den tokiraino. Bertze zatia 2,2 kilometro luze izanen da. Zentraleko turbinak lur azpian sartuko dituzte, sifoi moduko bat egiteko, eta 2,2 kilometroko ubide zati horren bidez Ebro ibaira itzuliko dute ura, berriz ere. Ebroko hamar kilometroko zati bati eraginen dio proiektuak, beraz. Kontua da eremu horretan daudela Errioxako industrialde bat, Arrubaleko araztegia, Errioxan, eta herri horretako zentral termikoa, bai eta Mendabiako araztegia ere. Hau da, ibaiari egiten zaion presioa nabarmena da jada. Proiektuak, gainera, bertzelako kalteak ere eraginen lituzke.
Zer-nolako kalteak?
Natura 2000 sareari eraginen lioke batez ere. Hemen bisoi europarra dugu, bai eta Bonelli arranoa ere. Bi espezie horiek dute desagertzeko arriskua. Habitat zuzentarauari ere eragiten dio.
Udalak zer dio?
Udalera joatea izan zen guk egindako lehen urratsa. Udalak erran zuen eman zuela proiektuari buruzko informazioa. Egia da udaletxean zintzilikatu zutela plana. Baina ez zuten gaia behar bezala zabaldu. Erran ziguten gaia Espainiako Ingurumen Ministerioaren esku dela. Guk hainbat alegazio aurkeztu ditugu. Oraindik ez dago haien inguruko erabakirik. Ministerioak ez du oraindik deus erran.
Lurzatiak batzeko proiektuari buruz, zer diote herritarrek?
Iritzi ezberdinak daude. Argi dago nekazari handiak alde daudela; txikiek, berriz, arazoak ikusten dituzte batez ere. Kontua da asmoa omen dela lurzatiak batzeko prozesu horretan jabe bakoitzak bere lurraren %10 ematea eta emandako lur horiei esker egitea ubidea. Hau da, bi proiektuak lotu nahi dituzte. Orain dagoen ubidea anitzez ere txikiagoa da. Gu ez gaude lurzatiak batzeko prozesuaren aurka, baina argi dugu ez dela beharrezkoa ubide eta zentral berriak egitea.
Tindaya Renovables enpresakoak izan dira herrian. Zer erran dute?
Gezurrak erratera etorri ziren; bertzeak bertze, sortuko diren lanpostuen inguruan. Haiek diotena eta proiektuak jasotakoa ez datoz bat.
Zer egiteko asmoa duzue?
1.400 sinadura jaso ditugu, eta, haiei esker, datorren iraileko udaleko osoko bilkuran gaia jorratu beharko dute. Parlamentuko taldeekin ere landu nahi dugu. Denei gutuna bidali diegu; oraingoz, Ezkerrak baino ez digu erantzun. Ekologistak Martxan-eko kideekin ere ari gara lanean. Ezin dugu onartu proiektuak aurrera egitea.
Antonio Ezkerro. Mendabiako Zentralari Ez taldeko kidea
«Kaltea eginen luke, eta ez da beharrezkoa»
Plataforma bat osatu dute Mendabiako hainbat herritarrek, Tindaya Renovablesek han egin nahi dituen ubidearen eta zentralaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu