Errepideak

Kamioi bat irauli eta N-1 errepidea itxita izan da Etxegaraten, Gasteizerako norantzan

Likido erregarria zeraman zisterna-kamioiak, eta isuri egin da zerbait. Kamioi gidaria eta bi ertzain zauritu dira.

Goierrikohitza.info
2009ko martxoaren 24a
18:32
Entzun
Gaur 09:40an N-1en izan den trafiko istripu baten ondorioz 13:00ak arte itxita izan da errepidea Etxegarate mendatean (Idiazabal, Gipuzkoa) Gasteizerako norantzan, erabat. Zisterna-kamioi bat irauli egin da, eta bi erreiak oztopatuta egon dira. Likido erregarria zeraman kamioiak, eta istripuaren ondorioz zisterna zulatu eta kargaren zati bat errepidera isuri da. Suhiltzaileak aritu dira garbitzen.

Kamioi gidariak erredurak ditu eta Donostiako ospitalera eraman dute. Bi ertzain, aldiz, likido erregarria, aluminio polikloruroa, arnasteagatik Zumarragako ospitalera (Gipuzkoa) eraman dituzte. Gatz biltegiak dauden bihurgunean, mendatearen gainera iritsi baino bi kilometro lehenago izan da ezbeharra. Auto ilarak sortu dira, eta turismoak Seguratik barrena Otzaurtera bideratu ditu Ertzaintzak, Idiazabalen.

Hamarrak hogei gutxian zisterna-kamioia irauli egin da. Ertzaintzak jakinarazi duenez TPC (errepide bidezko garraio arriskutsua, gaztelaniazko sigletan) motako kamioia da, likido erregarria, lejia tankerako produktua, zeramana. Zulatu egin zaio zisterna, eta "zulo txiki" batetik isuri egin da kargaren zati bat.

Likido erregarriak giza osasunerako aparteko arriskurik ez duela ziurtatu dute Herrizaingo Sailetik, ukitu ezean. Segurtasun protokoloa abian jarri, eta suhiltzaileak bertaratu dira Etxegaratera, baita Uren eta Ingurumen zerbitzuko teknikariak eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi Arretarako arduradun bat ere.

Suhiltzaileek zisternaren isurbidea itxi dute, eta urarekin produktua garbitzen aritu dira. Izaera inorganikoko likido erregarria dela jakinarazi dute.

Gasteizerako norantza erabat itxita geratu da istripuaren ondoren. Ilara luzea sortu da N-1en Etxegarate alderantz. Turismoak Segura-Zegama-Otzaurtetik (Gi-2637 errepidetik) desbideratzen aritu dira, Idiazabalen. Kamioiei A-15 autobidea hartzeko gomendioa egin diete, Andoainen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.