Gipuzkoako Foru Aldundiak berreraikitze lanak egingo ditu abuztuaren 8tik 23ra N-1 errepidean, Villabona parean. Obren konplexutasunaren eta iraupenaren ondorioz, kamioiek debekatua izango dute bi astean N-1 errepidetik ibiltzea Andoain eta Beasain artean. Debekuak 3,5 tonatik gorako kamioi guztiei eragingo die, 08:00etatik 20:00etara, salbu eta helmuga ibilbide horretako udalerri batean badute.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak adierazi duenez, kamioiak debaketzeko arrazoi nagusia ibilgailu astunek errei aldaketa egiteko izan ohi duten zailtasuna da. Horregatik, trafikoaren arintasunaren eta segurtasunaren mesedetan, «beharrezkotzat» jo dute ibilgailu horiek eremu horretan duten presentzia murriztea. Horrez gain, azpimarratu du neurriak ez dituela erabat eragotziko inguru horretako auto ilarak eta zirkulazio motela, eta ibilgailu guztiei gomendatu die ibilbide alternatiboak erabiltzea, nondik datozen eta nora doazen kontuan hartuta.
Oiarbideren arabera, egin beharreko obrak oso sakonak dira, lehendik dagoen bide zoruaren ordez eraikuntza berriko beste bat jarriko delako. Horrekin batera, «ezaugarri funtzionalak ere hobetuko dira, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez, eta zoru osoa babestuko da, iraunkortasunari, iragazgaiztasunari eta uniformetasunari dagokienez». Obren aurrekontua 684.840,08 eurokoa dela adierazi du.
Foru diputatuarek azaldu duenez, obrak abuztuaren 8tik 23ra egingo dira, «abuztuaren erdiko bi asteetan trafikoa % 20 inguru murrizten» delako zirkulazioa.
Zirkulazioa debekatuta izango duten ibilgailuek ordezko ibilbideak hartu beharko dituzte: Nafarroatik Gipuzkoara doazen ibilbide luzeko ibilgailuek, A-15 autobidea (Nafarroa-Gipuzkoa) Irurtzundik Andoainera; Gipuzkoatik Nafarroara doazen ibilbide luzeko ibilgailuek A-15 autobiatik jarraitu beharko dute Andoaindik Irurtzunera; eta Goierriko eskualdetik datozen erabiltzaileei gomendatzen zaie Olaberriko N-I-417 lotunetik sartzea A-636 autobiara (Beasain-Bergara) eta AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzea beren helmugara iristeko.