Kanpainak erabakiko du (topikotik harago)

EAJ eta EH Bildu inoiz baino parekatuago daudela aurreikusi dute azken inkestek, eta alderdien egoitzetan ideia bat zabaldu da: kanpaina inoiz baino erabakigarriagoa izango da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.

Hauteskundeak
Hauteskundeetako panelak, iazko udal eta foru bozetako kanpainan, Getxon (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Hauteskunde kanpainak erabakiko du nork irabaziko dituen Eusko Legebiltzarrerako bozak. Inoiz baino gehiago esan nahi baita, agerikoa den horretatik harago. Azken egunotan argitaratu diren inkestek aurreikusitako emaitzen ondorioetako bat da ideia hori, alderdien egoitzetan aski zabaldu dena. EAJ eta EH Bildu inoiz baino parekatuago daudela esan dute berriki Gizakerrek, Ikerfelek eta Aztikerrek egindako hiru inkestek, baita Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroak ere; horietako bik koalizio abertzaleari eman diote garaipena oraindik deitu ez dituzten hauteskundeetan. Galdeketa horien aurretik egindako beste zenbait inkestaren joera berretsi dute modu horretan; kasurako, Sigma Dos eta Electomaniarena, baina EH Bilduren aldeko hazkundea areagotuz.

Edonola ere, sorpassoa egongo den ala ez alde batera utzita, uste bat gailentzen hasi da kanpaina aurre honetan azaltzen den boto asmoen argazki finkoari loturik: kanpaina berak erabakiko du azken emaitza; hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bozkatuenak izateko aukerak dituzten alderdi biek mezu pilatuen egun horietan zenbateraino asmatzen duten edota zenbateraino ez duten huts handirik egiten, horrek eramango du hauteskundeen garaipenera bata ala bestea. Argazki finko batena baino gehiago, mugimenduan dagoen film baten antz handiagoa baitu boto emaileen asmoak.

Hala uste du Silvan & Miracle aholkularitzako Ainara Villaño politologoak (Gueñes, Bizkaia, 1997). «Lehia oso estua da bien artean, eta azken inkestek erakusten dute zalantzadun asko daudela; jendeak gero eta beranduago erabakitzen du nori eman botoa, eta Europa mailako joera bat da hori. Horregatik, azken hamabost egun horiek inoiz baino garrantzi handiagoa izango dute».

Boto transferentzia, EH Bilduren alde

Testuinguru horrek alderdi bakoitzaren kanpaina baldintzatuko du. EAJk mobilizazioa bilatuko du, azken hauteskundeetan etxean geratu zaizkion boto emaile ugari bozkalekura eramateko saio batean. «EAJn jakitun dira azken hauteskundeetan beren boto emaileen zati bat etxean geratu dela, eta aukera badute horiek berriro erakartzeko orain. Hala ere, datuetan ikusten dugu oraindik ez direla gai izaten ari boto hori aktibatzeko. EITB Focusek islatu du haien fideltasun tasa oso apala dela oraindik: EAJri bozkatu ziotenen %63k berriro jeltzaleei emango diete botoa, baina hori ez da nahikoa, beste %37k oraindik ez baitute erabaki nor bozkatu».

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia koalizioko ekitaldi politiko batean.JAVIER ZORRILLA / EFE
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, koalizioaren ekitaldi politiko batean. JAVIER ZORRILLA / EFE

Zer egingo dute azkenerako beste batzuetan EAJren alde egin duten horiek? Gakoetako bat hor egongo da, Villaño politologoaren ustez. «Batzuk zalantzan daude, beste batzuek EH Bilduren alde egingo dute, eta abstentziotik ere EAJk ez du boto askorik jasoko: %5, datuen arabera. Hori ez da nahikoa, EH Bilduk gehiago jasoko baitu aurreko deialdietan abstentziora jo zutenen aldetik».

«Benetako aldaketa da EH Bildu gai dela PSEtik botoa jasotzeko».

AINARA VILLAÑO Silvan & Miracle enpresako politologoa

Ainhoa Novo Arbona Gizarte Zientzietako doktore eta EHUko Politika Zientzietako irakasleak (Pasaia, Gipuzkoa, 1973) ohartarazi du esparru desberdinetako bozetatik bozetara emaitzak aldatuz doazela, «ez hainbeste boto emaile berak botoa aldatzen duelako, baizik eta abstentziora jotzen dutenen artean ere aldaketak daudelako». Novok dio erkidegoetarako hauteskundeetan parte hartze txikiagoa egoten dela Espainiako Gorteetarakoetan baino, eta balitekeela boto emaile batzuek «beren alderditzat duten hori zigortzeko» baliatzea luze gabe egingo diren hauteskundeak; «baina, gero, estatu mailakoetan, boto hori jatorrizko lekura itzultzen da berriro».

Horiek horrela, EHUko irakasleak azaldu du EAJk eta EH Bilduk elkarrekin lehiatzeko duten eremua «zentroa» dela. «Ezkerrerago beste eragile batzuekin lehiatu beharko du EH Bilduk, Ahal Dugu-rekin edota Sumarrekin; hori argitzeko dago oraindik. Hautagaitza horrek bi karta garrantzitsu ditu jokatzeko ezkerreko lehia horretan: eskola publikoarena eta feminismoarena». Gogoratu du EH Bilduk gizonezko baten alde egin duela lehendakarigaia izendatzean. «EH Bilduk ahalegin handia egin du bere arrantza gunea zabaltzeko. Eboluzio horrek zentroan EAJrekin lehiatzera eraman du, eta ezkerra galdu gabe asmatu beharko du hori egiten»; eta erantsi du koalizioa abertzaleari «erraztu» egin diotela lan hori, «ez baita ikusten alternatiba egonkorrik ezkerrera».

Villañok, berriz, nabarmendu du EAJk baduela transferentzien bidetik botoa berreskuratzeko aukera, baina alor horretan ere sendoago ikusten ditu koalizio abertzalearen aukerak, betiere inkesten mikrodatuak aintzat hartuta. «EAJri botoa kenduko dio, baina ez bakarrik hari, baita PSE-EEri ere. Espainiako Gorteerako hauteskundeetan PSOE aukeratu zuen pertsona kopuru esanguratsu batek orain EH Bilduren alde egin du, eta Sumarren alde egin zutenen %23 botoa koalizioari ematekoak dira. Oraingoz, transferentzien alorrean EH Bildu dago posiziorik hoberenean».

Boto duala eta polarizazioa

Egoera horren berritasuna nabarmendu du Silvan & Miracleko politologoak. «Benetako aldaketa da EH Bildu gai dela PSEtik botoa jasotzeko». Boto dualari erreparatu dio transferentzien dinamika azaltzeko, askok botoa aldatzen baitute bozen deialdiaren arabera. «Orokorretan PSOEk boto gehiago izaten du, boto mailegatua esaten zaionagatik, batik bat EAJtik datorrena, eta, gero, boto hori itzuli egiten da EAJra. Logika hori apurtu egin da: PSOEri botoa eman ondoren, EH Bilduren alde egingo du zati batek. Dagoeneko boto emaile horietako batzuek EH Bildurenganako beldurrak galdu dituzte».

Imanol Pradales EAJko lehendakarigai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Pradales EAJko lehendakarigai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Horrez gain, Villañok ez du uste PSOEren eta PPren arteko Espainiako giro polarizatuak askorik lagunduko dienik bi alderdi horiei boto dualari eusten, «Euskadiko agenda oso desberdina baita». Sinetsita dago amnistia legeak ez duela tokirik izango kanpainan. «Espero daitekeena da Osakidetzaz, hezkuntzaz, eskuduntzez eta etxebizitzei buruz aritzea». Uste du, halaber, Javier de Andres PPko lehendakarigaia saiatuko dela Espainiako giro hori inportatzen, «onuragarri zaiolakoan», baina «lekuz kanpo» geratzeko duen arriskua nabarmendu du Villañok.

«Erkidego mailako hauteskundeetan lotan egoten den botoa esnatu daiteke, oso argi ikusten bada lehia handi bat dagoela».

AINHOA NOVOEHUko Politika Zientzietako irakaslea

Novo irakasleak, berriz, uste du mobilizazioa «bloke bereko eragileen artean lehia gogor bat egote hutsak» lagundu dezakeela, eta alderdiek boto emaileen boto aldaketa eragin nahi izango dutela kanpainan, «abstentzioaren edo mobilizazioaren alde aritu baino gehiago». Erkidego mailako hauteskundeetan «lotan egoten den botoa esnatu daiteke», bestalde, «oso argi ikusten bada lehia handi bat» dagoela eta horrek aldaketa sakonak ekar ditzakeela. Hau da, boz horiek «gertu sentitzen ez dituztenak ere» parte hartzera bultza ditzake lehia estuaren aldagaiak.

Edonola ere, EAJk bere kanpaina egingo duela uste du Novok, bere proiektua gizarteratuz: «Ez dut uste onura ekarriko liokeenik beldurra ereitea EH Bilduren balizko garaipen bati lotua. EH Bildun soziologikoki EAren errealitatea ere badago, eta Gipuzkoan nabarmena da».

«Kaixo! Imanol naiz»

Inkestek islatu duten beste aldagai bat hautagaien inguruko ezagutzarena izan da. Imanol Pradales eta Pello Otxandiano ez dira oso ezagunak boto emaileen artean. Nola baldintzatuko du horrek kanpaina? Lasterketa bat abiatuko ote dute euren hautagaiak hobeto ezagutarazteko? «Orain arte bi markaren arteko lehia ikusi dugu EAJren eta EH Bilduren artean, baina badute aukera komunikazio politikoan beste modu batera aritzeko». Villañok dio «liderrak ezagutarazteko teknika berriak» badirela: «Hor dago Pradalesen inguruan egindako bideoa, hark bere burua aurkezten». Espazio digitalean «molde berri horiek» azalduz joango direla erantsi du politologoak, «eduki berriak biralizatzeko saio batean». Beraz, «berrikuntza» espero du alderdien aldetik hautagaiak ezagutarazteko, baina «marken arteko lehia» gailenduko dela ere bai. Novoren irudiko, oreka baten bila joango dira hautagaien eta marken artean. «Pertsonei zuzentzeko hautagaiak baliatu beharko dituzte, soslaiak garrantzitsuak baitira ideia zehatzak gizarteratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.