Tomas Elgorriaga

“Kanpoko elkartasunik gabe, ez genuke iraungo”

1999an egin zuen ihes Tomas Elgorriaga Kunze hondarribiarrak. Paper faltsuak lortu eta Friburgon (Alemania) ezarri zen, familiarekin, lagunekin, Euskal Herriarekin harreman guztiak moztuta. Ama alemaniarra du, eta hizkuntza ezagutzen zuen, horregatik ondo moldatu zela esan du. Hamabost urtez bizi izan zen horrela, 2014ko urriaren 31n atxilotu zuten arte.

Tomas Elgorriaga, Hendaiako Eva Forest ontziralekuan.
2017ko uztailaren 7a
19:56
Entzun

Espainiaratuko zutela uste zuen, ez baitzekien Frantzian auzi-ihesean epaitua eta zigortua zegoela, “nola jakingo dut? Alemanian bizi nintzen, beste izen batekin”. Urtebete eman zuen Alemanian preso Frantziara kanporatu aurretik. Berriro epaitu zuten, eta Fleury-Merogis espetxean egon da bitartean. Ekainaren 26an atera zen baldintzapean, eta 18 urte igaro eta gero Euskal Herrira itzuli da. Hendaian elkartu da Hitza harekin, ezin baita bere jaioterrira pasatu. Bidasoaren beste aldetik, liluratuta begiratzen du Jaizkibel, “ez dut nire bizitza osoan hain ederra ikusi”, eta bere egoera aldatzearekin amesten du, mendira igo eta arroketan ibili ahal izateko.

Hemezortzi urte igaro eta gero, Euskal Herrira itzuli zara. Zer moduz?

Bueno, ez nator erabat libre, baizik eta pixka bat baldintzatuta, egoera berezian; oraingoz, ezin naiz Hego Euskal Herrira pasatu. Baina aske gelditu eta gero autoz Baionara iristen ari ginela, autobidetik ez da gauza handirik ikusten, baina betetasun sentsazio bat izan nuen. Toki guztietan belarra sortzen da Euskal Herrian sartu bezain pronto; horrek zirrara sorrarazi zidan.

1999 urtean alde egin zenuen Hondarribitik. Atxilotu zintuzten arte hamalau urte ihesean. Denbora asko da hori!

Bai, ihesean, eta ihesean baino gehiago, erabat deslotuta. Nire erabakia izan zen hasieratik lotura guztiak moztea, segurtasun aldetik. Orduan, ez ditut Euskal Herriko albisteak irakurri edo ikusi ere egin. Ez naiz Interneten ere sartu, BERRIA edo Gara irakurtzeko. Horrek abantaila bat izan du, nahiko lasai ibili izan naizela goian [Alemanian], eta nahiko bizitza integratua egiten nuela. Eta ondorio txarra hori da, ez dudala jarraitu Euskal Herrian gertatu dena. Orain hasi naiz, espetxean hasi nintzen. Gauza asko errekuperatzeko irrikaz nago.

Atxilotu zintuztenean jakin genuen Friburgon bizitza normala egiten zenuela, beste nortasun batekin, eta ez zinela ezkutuan bizi. Zer egiten zenuen han?

Ihes egin nuenean, zorte pixka bat izan nuen. Kanpora joateko paper batzuk lortu nituen, eta Friburgora iritsi nintzen. Egia esan, ez nuen inor ere ezagutzen han, eta inork ez zekien nor nintzen. Ama alemaniarra dut, eta alemanez banekien, etxean ikasi genuelako eta lehendik Alemanian ikasi izan dudalako. Eta Alemania ere ezagutzen nuen pixka bat. Ez zen guztiz herrialde berria, baina tokia bai, eta hasi nintzen etxebizitza bilatzen, lana bilatzen Aldi Baterako Laneko Enpresa batean… Pixkanaka sartuz joan nintzen, hasieran beldurrarekin ea zer gertatuko zen, paperak kontrolatuko ote zituzten…

Gero, ikasteko aukera ikusi nuen. Ez nuen aldez aurretik ikasteko asmorik, baina ikusi nuen unibertsitatea bazela, eta gauza interesgarriak ikasteko aukera zegoela, eta hala apuntatu nintzen.

Ingurukoek ez zekiten euskal herritarra zinenik.

Ez, espainiarra nintzela uste zuten. Haientzat espainiarra nintzen, baina alemaniarrez banekien, eta horrek dena erraztu zidan. Ondo moldatu nintzen, egia esan.

Hamabost urte eman zenituen horrela, 1999tik 2014ko urriaren 31n atxilotu zintuzten arte.

Iheslari gisa, beti neukan buruan horrelako zerbait gerta zitekeela. Friburgon bertan nintzenean oso lasai bizi nintzen, baina herritik kanpora ateratzen nintzen bakoitzean, buelta bat ematera edo zerbait ikustera, oso urduri jartzen nintzen, arrisku batzuk ikusten nituelako.

Ez nuen inolako harremanik ez familiarekin, ezta lagunekin ere. Baina atxilotu nindutenean buelta eman zuen guztiak. Alde batetik, askatasuna galdu nuen, eta arrisku handia sentitzen nuen, ez bainekien zer gertatuko zen. Baina, beste alde batetik, familia ikusteko aukera, lagunak ikusteko aukera izango nuen, hamabost urteren ondoren. Eta horrek asko lagundu zidan hasierako hilabeteetan, Alemaniako espetxeko uneetan. "Gerta zitekeena gertatu da, atxilotu naute", pentsatu nuen, baina beste aldetik pozik nengoen senide eta lagunak ikusiko nituelako berriz.

Lehen bisita zeinena izan zen gogoan duzu?

Gurasoak etorri ziren, eta anaiak.

Nolako momentua izan zen, nola gogoratzen duzu?

[Kostata erantzun du] Oso fuertea. Ama ez nuen ongi ikusi, urteen zama gainean. Oso gaizki pasatu ditu urte hauek. Kristal atzetik ikusi nituen, gainera, eta bi polizia genituen bi aldeetan. Ez ginen ondo. Amarentzat uste dut ona izan zela, baina gogorra.

Ia hiru urte egin dituzu espetxean, lehendabiziko hilabeteak Alemanian. Euskal preso bat Alemanian, beraientzat ere ez da ohikoa, zaindarientzat. Ez da egongo halako protokolorik, ezagutzarik… Nolako espetxealdia izan zen hangoa?

Ez daude ohituta. Atxilotu ninduten unea bera pelikula bat izan zen, polizia guztiak nire gainera erori ziren, dena kendu zidaten eta oihu egin zidaten "ba al duzu armarik edo lehergailurik motxilan?". Eta nik erantzun nien: "Duela hamabost urte nago hemen". Espetxean terrorista gisa sartu nintzen, eta, jada islamismoaren kontua bazegoenez, espetxe barruan, edozein tokitara mugitzeko, bi zaindarirekin mugitu behar nuen. Noski, han ere ez daukate hainbeste pertsonalik espetxeetan horrela ibiltzeko; horregatik, egun batean horrela egin zuten, baina gero utzi zuten. Hasieran, tentsioa nabaritzen nuen. Gero, zaindariekin hizketan, lasaitu ziren. Jende nahiko heldua zen, ez zuten lana hain serio hartzen, alde horretatik nahiko lasai. Ez nuen inolako jazarpenik jasan, espetxean bertan ez nuen presio handirik eduki.

Frantzian auzi ihesean epaitu zintuzten, eta atxilotu eta gutxira zure estradizioa eskatu zuen Frantziak. Horren beldur al zinen?

Nire hasierako beldurra zen Espainiako Estatura eramango nindutela, ez nekien ezer Frantziakoaz. Gero, abokatuak esan zidan lau euroagindu zeudela nire kontra, baina Frantziakoak. Gero, Frantziako epaileak esan zidan: "Zuk bazenekien Frantziako justizia zure atzetik zebilela, zergatik ez zinen epaiketetara agertu?". Baina nola jakingo nuen? Ni Alemanian bizi nintzen, beste izen batekin, eta ez nekien ezer. Eta esaten zidaten "badakigu euskaldunak oso saretuta zaudetela", eta nik erantzun, "ba, sentitzen dut, baina ni ez nago saretuta, ez neukan inolako kontakturik Euskal Herriarekin; benetan uste nuen Espainiak eskatuko zuela nire kanporatzea, ez nuen imajinatzen Frantziak eskatuko zuenik.

Estradizio bera onartzeko Alemaniak urtebete behar izan zuen, eta normalean oso denbora gutxian onartzen dira. Euroaginduetan argi eta garbi azaldu behar da leporatzen den ekintzaren toki zehatza, egun zehatza, ordu zehatza eta deskribapen zehatza, eta lau aginduetako bakarrean ere ez zen horrelakorik ageri. Gauza orokorrak azaltzen ziren, denbora tarteak, 2000. urtean laguntza ematea, paper faltsuak erabiltzea… Onartzeko arazo handiak izan zituzten, eta, azkenean, presio politikoak izan dira Paris aldetik; Alemaniako fiskaltzak berak onartu zuen diplomazia kontuengatik komeni zela estradizioa onartzea.

Elkarrizketa osoa Bidasoko Hitza-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.