Kantauriko ertz osoko trenbideetan aritu nahi du Euskotrenek

Aurtengo lehen zazpi hilabeteetan iaz baino %1,44 herritar gehiagok erabili dute konpainia

Erredakzioa
2007ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Kantauri ertz osoko trenbideetan jardun nahi du Euskotrenek etorkizunean. Horretarako, FEVE konpainiarekin akordioa lortu nahi du, enpresa hori aritzen baita Euskotrenekin Kantauri ertzean.

Euskotreneko kontseilari ordezkari Julian Erasok eta zuzendari nagusi Iñigo Palominok atzo azaldu zutenez, orain arte kudeatu ez dituzten trenbideetan aritu nahi dute etorkizunean, besteak beste, eraikitzen ari diren abiadura handiko tren sareko Euskal Y-an.Palominok eta Erasok azpimarratu zuten Euskotrenek portuetako salgaietan pilatutako eskarmentua baliatu nahi du etorkizunean.



15,5 MILIOI ERABILTZAILE. Erasok eta Palominok aurtengo lehen zazpi hilabeteetako balantzea egin zuten atzo. Konpainiaren finantza «eraginkortasun» eta «ekinbideen bikaintasuna» azpimarratu zituzten Euskotreneko arduradunek.

Urtetik urtera gero eta erabiltzaile gehiago dituztela nabarmendu zuten. Esaterako, aurtengo urtarriletik uztailera 15,5 milioi bidaiarik erabili dituzte konpainiaren zerbitzuak, iazko epe berean baino %1,44 gehiagok.

Konpainiak eskaintzen dituen zerbitzuetatik trena da herritarrek gehien erabiltzen dutena. Aurten 10,7 milioi herritarrek erabili dituzte konpainiaren trenak, alegia, iazko epe berean baino %2,35 gehiagok. Lasarte-Oria/Donostia/Hendaia tren linea da gehien erabiltzen dena. 3,42 milioi bidaiarik erabili zituzten inoiz hiri horien arteko trenak. Ondoren, Bilbo-Zornotza, Zumaia-Donostia eta Ermua-Eibar izan ziren gehien erabilitako lineak.

Autobusetan erabiltzaileak galdu ditu Euskotrenek aurten. Iaz baino %1,48 lagun gutxiago ibili ziren konpainiaren autobusetan, 3,1 milioi. Euskotrenek Bizkaibus eta Lurraldebus autobus zerbitzuak ditu, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek kudeatuak.

Bilboko Tranbiak ere igoera izan du aurten. 1,6 milioi lagunek erabili dute tranbia aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, iaz baino %1,31 gehiagok. Egunero 9.000 lagun inguruk erabiltzen dute garraiobide hori Bilbon, Euskotreneko arduradunek adierazi dutenez. Gainera, etorkizunean hirigunearen hazkundeak tranbiaren hazkundea ere ekarriko duelako itxaropena azaldu zuten.



SALGAIAK. Euskotrenek salgaien garraioan ere aurrerapausoak ematen ari dela adierazi zuten konpainiako arduradunek. Aurten 107.462 tona garraiatu dituztela esan dute, iaz baino %1,5 gehiago. Hala, Euskotrenek adierazi du Lasarte-Oriako terminaletik Barakaldora garraio berriak ari direla ematen, Txekia, Italia eta Belgikatik heltzen diren altzairuzko zilindroak eramateko. 2012rako 670.000 tona garraiatu nahi ditu Euskotrenek. Horretarako, konpainiak trakzio bikoitzeko(diesela eta elektrikoa) 12 lokomotor kontratatu ditu. Lokomotor horiek 2008aren amaieratik 2011 bitartean jasoko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.