Elkarbizitzarako lan taldea. Eztabaida Eusko Legebiltzarrean

Kargua itzultzeko eskatu die Aralarrek Ezenarro, Basabe eta Erostarberi

Batzordeak bake eta normalizaziorako bidea «desitxuratu, trakestu eta hondatu» egiten duela uste du Aralarrek

Dani Maeztu, Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta, atzo Donostian egindako agerraldian. JUAN CARLOS. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Zatiketa» hitza saihestu nahi izan du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, baina zatiketa edo ez, argi eta garbi ikusi zen atzo Aralarren barruan iritzi ezberdinak daudela jarraitu beharreko estrategiaren inguruan. Aurretik ere ikusten zena berretsi baino ez zen egin. Izan ere, Aintzane Ezenarrok, Oxel Erostarbek eta Mikel Basabek onartutako ponentzia «huts egite politikoa» dela uste du alderdiko zuzendaritzak, eta bakegintza eta normalizazio politikoaren bidea «desitxuratu, trakestu eta kaltetu» egiten duela. Horregatik,eta zuzendaritzak «zehazki eta espresuki» esandakoari men ez egiteagatik, haien karguak alderdiari itzultzeko eskatu die hirurei, eta «saminki deitoratu» dute gertatutakoa.

«Hilda» jaio da Eusko Legebiltzarrean atzo onartu zuten bakeeta normalizazio politikorako ponentzia, Aralarren ustez. Hala esan zuten Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak, Dani Maeztu koordinatzaileorde eta legebiltzarkideak eta Rebeka Ubera alderdiko antolaketa idazkariak. «Hilda» jaio zen ponentzia hori alderdiko lau legebiltzarkideetatik hiruren botoari eta negoziaketa lanei esker onartu da, ordea. Ezenarro, Basabe eta Erostarbe alderditik bota dituztenik ez zuten esan prentsaurrekoan, baina ez zieten alderdikide tratamendua ere eman. «Aralarren zerrendetan aurkeztutako hiru legebiltzarkideak» bezala aritu zen haiei buruz Zabaleta, «ondo neurtutako» hitzekin osatutako testua irakurri zuenean.

Hitz gogorrak izan ziren neurtutako horiek. «Demokraziari iruzur egitea» egotzi zien, eta elkarrizketari mugak eta salbuespenak jarri nahi dizkiotenei «bidea eta eskua» ematea. Elkarrizketa politikoak salbuespenik gabekoa izan behar duela «argi eta garbi eta zehazki ez adierazteagatik» egin dute hori hiru legebiltzarkideek, Zabaletak esan duenez. Hain justu, termino horiek garrantzia handia dutelako saiatu dira PP, EAJ eta PSE «Aralarren proposamena mozten eta mutilatzen», Zabaletaren ustez.

Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek bazekiten alderdiaren zuzendaritzaren kontra jokatzen ari zirela hasieran proposatutako ponentziaren aldaketak negoziatzen aritu direnean, eta aldaketen ostean ponentzia onartu dutenean. Zuzendaritzak hilaren 26an erabaki zuen ponentzian hasierako «eduki guztiak» mantendu behar zirela eta zehatz esan behar zuela «inolako bazterketarik» ez zuela onartzen. Hori horrela gertatu ezean, ponentziari ezezko botoa emateko eskatu zien zuzendaritzak legebiltzarkideei.

Zabaletak azaldu zuenez bi irizpideri jarraituz hartu zuten erabaki hori «duintasun etikoa» batetik, eta «bakegintzarako beharrezkoa den elkarrizketari mugak eta salbuespenak ez jartzea», bestea. Kontraeran jokatuta, «etika politikorik gabe» aritzea egotzi die hiru legebiltzarkideei, eta horregatik eskatu die beraien karguak alderdiari itzultzeko.

Hori egin ezean hurrengo urratsa zein izango den ez du argitu alderdiko zuzendaritzak. Eskaera hori idatziz egingo diela jakinarazi dute, eta haien erantzunaren ostean erabakiko dituztela hurrengo pausoak. Bai eskaera betez gero eman beharrekoak, eta baita betetzen ez badute egin beharrekoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.