Baltasar Garzon epaileak behin-behinean Espainiako Auzitegi Nazionala utzi beharko du. Ez berak hala erabakita, kargutik kendu egin dutelako baizik. Gaur hartu du erabakia Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ); bertako hemezortzi kideak azaldu dira neurriaren alde, Gabriela Bravo bozeramaileak jakinarazi duenez.
Kargutik kentzearen arrazoia: Auzitegi Gorenean epaiketa egingo diote Garzoni, 36ko gerrako eta frankismoko desagertutakoen ikerketako auzian prebarikazioa egin izana egotzita. Luciano Varela Goreneko epaileak inputatu du.
2008ko urriaren 16an hartu zuen kasua Garzonek. 115.000 lagun bilatu eta identifikatzeko eskatu zuen, hemeretzi hobitan indusketak egiteko; tartean, Ezkabako gotorlekuan. Frankismoak gerra krimenak egin zituela esan zuen magistratuak, eta haien arduraduntzat jo zituen erregimeneko 35 goi kargu; besteak beste, Francisco Franco bera. Altxamendua ongi planifikatutako ekintza izan zela deliberatu zuen, eta Espainiako Errepublikako Gobernuko arduradunak desagerraraztea zuela helburu. Alabaina, krimenen arduradunak hilda daudenez, haien delituak iraungi direla zehaztu zuen.
Iazko maiatzaren 27an inputatu egin zuten, Manos Limpias taldeak jarritako kereila onartu egin zuelako Auzitegi Gorenak. Falange eta Libertad e Identidad elkarteak ere ari dira Garzonen kontra auzi berean.
Espainiako auzitegietan epailearen aurkako beste bi kasu daude zabalik: 2005-2006an New Yorkeko Unibertsitatean egon zenean Banco Santanderren partetik ustez diru laguntza jaso zuen kasua, eta Gurtel auziko inputatu eta abokatu batzuei legez kanpoko entzuketak egiteko aginduaren kasua.
Nazioarteko Zigor Auzitegira joateko eskaera egina du
Garzonek Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzatik "kanpo aholkulari" aritzeko gonbitea jaso zuen hilaren 6an, eta hara joan nahi du. Hain zuzen, epaileak baimen hori emateko eskatu dio aste honetan CGPJri. Honek gaur arratsaldean aztertuko du eskaera.
Gutxienez, zazpi hilabetez ariko litzateke Nazioarteko Zigor Auzitegian aholkulari. Angel Juanes Auzitegi Nazionaleko presidentea baimena ematearen alde azaldu da.
Balekoa jasoko balu, Garzon segituan hasiko litzateke lanean nazioarteko auzitegi horretan. Hagan (Herbehereak) luke egoitza, eta Kongo, Uganda eta Kolonbiako auzi batzuei helduko lieke, besteak beste. Ez luke galduko Auzitegi Nazionaleko postua.
justizia
Kargutik kendu dute Garzon
Epaileak Espainiako Auzitegi Nazionala utzi beharko du, Gorenean epaiketa egingo diotelako 36ko gerrako eta frankismoko desagertutakoen ikerketako auziagatik. CGPJko hemezortzi kideek aho batez hartu dute erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu