Nafarroako Auzitegi Nagusiak hamabi urteko kartzela zigorra berretsi dio mutil bati. Probintzia Auzitegiak ezarri zion zigorra, maiatzean, arrebaordea bortxatzeagatik eta hari ukituak egiteagatik.
Mutilak arrebaordea bortxatu zuen 2020ko martxoan. Mutilak 20 urte zituen orduan; neskak, 17. Neskak aitarekin eztabaida gogorra izan zuen etxean, eta bere logelara joan zen. Arratsaldea negar batean pasatu zuen. Gauean anaiordea sartu zen neskaren logelara, eta neska ukitzen hasi zen. Neskak ez ukitzeko esan zion. Oihu egiten saiatu zen, baina ahotsa galdua zuen negarren eraginez. Indarka aritu ziren, eta anaiordeak bortxatu egin zuen.
2020ko apirileko gau batean, berriz, neska esnatu egin zen, ukituak sentitu zituelako. Anaiordea zen. Neska oihu egiten saiatu zen, aita logelara sartzeko, baina anaiordeak ahoa estali zion indarra erabiliz.
Sexu erasoek ondorio emozionalak eragin zizkioten neskari: bakardadea, tristura, antsietatea, beldurra, depresioaren sintomak, alerta egoera...
«Guztiz sinesgarria»
Nafarroako Auzitegi Nagusiarentzat «guztiz sinesgarria» da neskaren lekukotza, «zehatza, koherentea eta kontraesanik gabea». Gaineratu du auzi medikuaren txostenaren arabera neskak masailezurrean zuen lesioa bat datorrela mutilak heldu zion moduarekin.
Zigortua behin-behineko espetxealdian dago maiatzetik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi egin dizkio Probintzia Auzitegiak jarritako gainerako zigorrak: kartzelatik ateratzen denean, hamabost urtean ezingo du arrebaordearengandik berrehun metro baino gutxiagora egon, ezta harekin harremanetan jarri ere, eta zaintzapean egon beharko du. 25.000 euro eman beharko dizkio eragindako kalte moralengatik, eta 855 euro lesioengatik.
Zigortuak helegitea jar dezake Espainiako Auzitegi Gorenean.