Kartzelak hiltzen duela salatu dute

Kepa del Hoyoren heriotza salatu dute Azpeitian, Etxerat-ek deitutako elkarretaratzean. Presoen aferan konponbidearen alde lan egiteko eskatu diote Urkullu lehendakariari

Etxerat-eko Naike Diez eta Iñigo UrkulluEusko Jaurlaritzako lehendakaria, Loiolako santutegian, atzo. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
Azpeitia
2017ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Urtero bezala, Loiolako santutegiaren aurrean (Azpeitia, Gipuzkoa) dozenaka lagun bildu ziren atzo euskal presoen urruntzearen amaiera eskatzeko. Etxerat-ek deituta, Espetxe politika hiltzailea eta Etxean eta bizirik nahi ditugu leloak zeramatzaten pankartekin, bertaratuek Badajozko espetxean (Espainia) hil den Kepa del Hoyo euskal presoa gogoan izan zuten, eta haren heriotza espetxe politika «suntsitzaileari» egotzi.

Etxerat-eko kideek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari euskal presoen egoerari buruzko azken hilabeteetako txostena eman, eta harekin minutu pare batez hitz egin zuten, hura San Inazioren omenezko mezara sartu aurretik. Naike Diez Etxerat-eko eledunak Jaurlaritza egiten ari den lanaren aitortza egin zion Urkulluri. Halere,orain arte esanikoak «hitzak bakarrik» izan ez daitezela eskatu zion lehendakariari. Hark legediaren barruan beste espetxe politika bat posible dela adierazi zion Diezi, eta horretarako lan egingo duela hitzeman zion. Diezek eta Urkulluk elkarri esan zioten datorren urtean bertan elkar ikusteko beharrik ez izatea espero dutela, «euskal gizartearen onerako».

Elkarrizketa laburraren ondoren, Etxerat-eko Diezek eta Urtzi Errazkinek prentsaurrekoa eman zuten. Del Hoyoren heriotzaren erantzukizun osoa «frantziar eta espainiar estatuek mantentzen duten salbuespenezko espetxe politika suntsitzaileari» egotzi zioten. Euskal gizarteak larri gaixo dauden presoen «berehalako kaleratzea» eskatzen duela adierazi zuten. Del Hoyo ez zegoen egoera horretan dauden hamahiru euskal presoen zerrenda publikoan, ezta publikoa ez den beste zortzi izenen artean ere. Del Hoyoren heriotzaren arrazoia «bestelako sufrimendua eta urte luzeetako zama» izan direla adierazi zuten: «Urrun dauden espetxeetan kondena luzeak betetzeak eragiten dituen kalte fisiko eta psikologiko guztiak pairatu ditu».

ETAk bere jarduna amaitu zuenetik ia sei urte igaro dira, eta lau hilabete, armagabetu zenetik. Tarte horretan euskal preso eta iheslarien zein senide eta lagunen egoera ez dela aldatu salatu zuten Etxerat-eko kideek atzo: «Ezin dugu eragindako min eta sufrimenduaren inguruan iraganean hitz egin». Adierazi zuten euskal gizarteak ezin duela «konponbidearen bidean beste bizitza bat utzi», eta gogoratu zuten eragile ezberdinek «presoen aferari behin betiko konponbidea emateko» bide orri bateratu bat osatzeko baldintzak sortzen ari direla. Euskal presoen senide eta lagunen elkartekoek adierazi zuten ezin dutela gehiago itxaron. «Dispertsioa hiltzailea» eta «Kepa gogoan zaitugu» oihukatuz amaitu zuten ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.