Kartzelan preso gehiago ez hiltzeko, elkarrizketak areagotzera deitu dute

Gaur 20:00etan, giza katea egingo dute Galdakaon, eta bihar 18:00etan, manifestazioa

Hainbat preso ohi eta senide, atzo, Galdakaoko kultur etxean eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Galdakao
2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Hainbat preso ohik eta senidek Kepa del Hoyoren heriotza salatzeko prentsaurrekoa eman dute, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean (Bizkaia). Azaldu dute presoaren heriotzaren eragilea Espainiako Estatuaren sakabanaketa eta urruntze politika dela, eta hori «galdakoztarren eta Euskal Herri osoak nagusiki adierazitako borondatearen aurka» dagoela. Horrekin batera, esan dute batasuna eta indar metaketa «tresna garrantzitsuak» direla sakabanaketa atzean uzteko eta Del Hoyoren moduko heriotza gehiago jazo ez daitezen, eta datozen egunetako mobilizazioen berri eman dute. Maite Sanchez Del Hoyoren bikotekidea eta Peru semea ez dira egon agerraldian, baina han bildutakoek, haien omenez, hiru arrosa jarri dituzte mahaian, haiekin daudela adierazteko.

Senideak eta han bildutakoak minduta agertu dira Del Hoyoren heriotzagatik, eta adierazi dute albistea iritsi zenetik «oinazea eta samina» herrian zehar hedatu dela. Hurrengo hitzak lagunei eta senideei eskaini dizkiete, sakabanatuta dauden presoak bezala, haiek ere «mendekuaren eta gorrotoaren politikaren» biktima direla esateko. Azaldu dute heriotzaren eragilea «ezohiko, salbuespeneko, legez kanpoko eta legez kontrako gertaeren pilaketa» izan dela.

Galdakaoko Udaleko bost taldek —EAJk, Galdakao Orainek, Galdakao Irabazik, Usansolo Herriak eta EH Bilduk— presoen hurbilketa exijitzeko eta Del Hoyoren senideei elkartasuna adierazteko lortutako akordioa txalotu dute. Azpimarratu dute egungo espetxe politika aldatzeko presoen senideek indar metaketa tresna garrantzitsutzat jotzen dutela, eta eragileei eskatu diete abian diren elkarrizketak areagotzeko. Era berean, gaur eta bihar Galdakaon egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Gaur, 20:00etan, giza katea egingo dute, eta, bihar, manifestazio «nazionala», 18:00etan, Kurtzeko plazatik —udaletxeko plaza—. Herritar Batasuna —ezker abertzalearen ildo ofizialarekin kritiko diren hainbat talde biltzen dituena— ere manifestazioan egongo da, baina «lelo eta pankarta propioekin».

PP eta Urkullu, «tokiz kanpo»

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren iritziz, Euskal Herriko alderdi guztiak daude prest presoen auziaz hitz egiteko; guztiak, PP izan ezik. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, dei hori egin die euskal alderdiei. «Beharrezkoa bada, munduko diskrezio guztiarekin» landuko dituzte harremanak, Otegik azaldu duenez, eta sindikatuak elkarrizketa horietan egotea «beharrezkotzat» jo du. Horrez gain, Urkulluk asteartean esan zituenak Otegiren iritziz «tokiz kanpo» daude: «EAJk ezin ditu bere erantzukizunak saihestu. Lehendakariak arazo bat dauka: ezker abertzalearekin eta zenbait jarrera sindikalekin obsesionatuta dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.