Ibai Azkona (Iruñea, 1983) Mureteko espetxean (Frantzia) sartu dute gaur, euroagindu eskaerari buruz Paueko epaileak erabakia hartu artean. Hain zuzen, datorren asteartean izango da Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako euroagindu saioa, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur esan duenez.
Atzo atxilotu zuen Frantziako Poliziak Azkona, Hendaian -han bizi da maiatzetik-. AAMk deituta elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Hendaian. Iruñean gaur egingo dituzte bilkurak. Azkonaren senide eta lagunek Poliziaren jazarpena salatu dute.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Azkonaren aurkako bi atxilotze agindu eman zituen. Lehen atxilotze agindua kale borrokako ekimenei lotuta dago, eta bigarren agindua Segi gazte erakundearen aurka Auzitegi Nazionalak abian ezarritako makro-dosierrari lotuta. Espainiako Poliziak duela bi urte atxilotu zuen, Iruñerrian, Segiko militanteen aurka egindako operazio batean. Polizia etxean jasandako tratu txarrak salatu zituen orduan, eta zortzi hilabetez egon zen preso. Auzitegiak Azkona atxilotzeko agindua eman zuen apirilean, urtebeteko espetxe zigorra betetzeko.
atxiloketa
Kartzelan sartu dute Ibai Azkona, eta asteartean izango da euroagindu saioa
Frantziako Poliziak atzo atzeman zuen, Hendaian. Mureten daukate preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu