Kataluniak azaleratu ditu desadostasunak

Eusko Legebiltzarrak ez du batzorderik sortuko Kataluniako prozesuaren ondorioak aztertzeko. EH Bilduren ekinbidea atzera bota dute

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea atzo osoko bilkuran, bere taldearen proposamena defendatzen. JUANAN RUIZ / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia Eusko Legebiltzarrak Kataluniako prozesuaren inguruan eztabaidatzen duena. Azken urteotan, maiz izan du hizpide hango prozesu independentista, eta hura babesteko adierazpenak ere onartu izan ditu—2014an, 2015ean eta aurtengo otsailean, besteak beste—. Eta orduan bezala orain ere, Katalunia eta Euskal Herria elkarri begira jarri dituztenean azaleratu dituzte euren arteko desadostasunak legebiltzar taldeek.

EH Bilduk eraman zuen eztabaida ganberara, atzo. Kataluniako prozesuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango dituen eraginei buruzko batzorde bat sortzeko eskaera egin zion koalizioak legebiltzarrari. Gainerako taldeek, ordea, atzera bota zuten ekinbidea, eta eztabaidak agerian utzi zituen prozesuaz eta erreferendumaz batzuek eta besteek dituzten jarrerak. 2015eko azaroan ere, eskaera berbera eraman zuen EH Bilduk legebiltzarrera, eta orduan ere aurka agertu ziren gainerako taldeak. Atzoko eztabaidan, EAJk eta Elkarrekin Podemosek adierazi zuten Kataluni- ako prozesuaz eztabaidatu nahi bada, legebiltzarreko autogobernu lantaldea dela hori egiteko foroa, eta ez dagoela zertan lantalde berezi bat eratu. PSE-EEren eta PPren irudiko, berriz, Kataluniako bidea «ez da eredugarria» izan behar EAErentzat, eta ez dago prozesu horri zertan jarraitu.

Irlandan, Suitzan...

Kataluniako prozesuaren eraginak aztertzeko batzorde bat eratzeko arrazoiak xehe eta zabal azaldu zituen Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak. Horien artean, nabarmendu zuen Kataluniaren balizko independentzia batek Espainiako ekonomiari ezinbestean eragingo diola, eta, ondorioz, beste murrizketa aro bat hasiko dela. Hori hala izanik, galdera egin zien gainerako taldeei: «Beraz, komeni zaigu ala ez zaigu komeni Kataluniako prozesuari adi egotea? Benetan errealista al da gertatzen ari denari bizkarra ematea?».

Irlandako, Erresuma Batuko, Suitzako, Estoniako eta Finlandiako parlamentuetan eratu dituzte Kataluniako prozesua aztertzeko lantalde bereziak, eta Eusko Legebiltzarrak ezin dizkio errealitate horri «begiak itxi», Urizarrek nabarmendu zuenez. Haren iritziz, «arduragabekeria» da prozesuaren ondorioak aztertzeari bizkarra ematea, eta ezezkoaren arduradun egin ditu EAJ eta Elkarrekin Podemos taldeak.

Joseba Egibar jeltzaleak, berriz, bi norabidetan jarri zuen arreta. Batetik, nabarmendu zuen EAJk bat egiten duela «goitik behera» Kataluniako Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionalarekin, eta ziur agertu zen itun horretan dagoela Kataluniako gatazka konpontzeko «giltzarria». Bestetik, EH Bilduri eskatu zion definitzen hasteko estatus berri baterako duen proposamena, «badelako garaia».

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak azpimarratu zuen Kataluniaz eztabaidatzea «errepikakorra» dela eta lantalde berezi bat sortzea ez dela «beharrezkoa». Argi utzi zuen, halaber, bere taldeak Kataluniako prozesuaz duen jarrera: erabakitzeko eskubidea babesten du, eta bi aldeek hitzartutako erreferenduma egitearen aldekoa da.

PSEko eta PPko ordezkariak gogorrago mintzatu ziren. PSEko Jose Antonio Pastorren ustez, Katalunian abiatutako prozesua «hordagoa» da, eta bide horrek ez du balio EAEn. «Kataluniako ispilu hautsian islatu nahi al dugu geure burua?», galdetu zuen. Antzera mintzatu zen PPko Borja Senper. Haren iritziz, Kataluniako prozesuak ez du «ondorio zuzenik» izango euskal gizartearengan, nahiz eta han gertatzen ari dena «adi» jarraitu beharra dagoen: «Gauzak nola ez ditugun egin behar ikasteko balio behar digu. Kataluniako eredutik ihes egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.