Bilera egin dute EAJko eta Unio Democratica de Catalunyako zuzendaritzek Bilbon, Kataluniako Parlamenturako nahiz Espainiako Kongresurako hauteskundeen osteko "jokaleku berria" aztertzeko. Bileran, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako EAJk duen autogobernu proposamena azaldu dio EAJk Uniori, eta azaldu CiU zatitu aurreko "harreman onei" eutsiko diela bi alderdiekin.
UDCko ordezkariek EAJri azaldu diote alderdiak aurrean duen errealitate berria, CiU zatitu eta Kataluniako Gobernutik irten eta gero. Alderdi hori bakarka aurkeztuko da irailaren 27ko hauteskundeetara.
Ramon Espadaler UDCko idazkari nagusia izan da alderdi horren ordezkaritzaren buru, eta Andoni Ortuzar presidentea, berriz, EAJkoarena. Bilera "normaltasun eta zintzotasun" giroan egin dute.
Europako Legebiltzarrean dituen koaliziokideekin bilerak egiten ari da EAJ. Ildo horretan, irailaren 17an egingo du bilera Coalicion Canariako presidente Ramon Trujillorekin. Convergencia Democratica de Catalunyarekin ere biltzekoa da, baina oraindik ez dute datarik jarri.