Katalunian independentziaren aldeko erreferenduma tramitera bideratzeko baimena eman du Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak. Eskaera Katalunian 400 baino herri gehiagotan egin dituzten galdeketen antolatzaileek egin dute, Uriel Beltran ERCko diputatuak bideratuta. CiU, ERC eta ICVk aldeko botoa eman dute,PSCk eta PPk kontrakoa.
Araudiak aukera ematen du herritarren %3 baino gehiagok babesten duten ekimenak erreferendumerako prozesua hasteko, eta sei hilabetean 220.000 sinadura inguru biltzea izango da hurrengo urratsa -tartean Legebiltzarreko hauteskundeak dauzkate-. Hori egin ondoren, Kataluniako Legebiltzarrak erreferenduma antolatzea eztabaidatuko du, eta baiezkoa ematen badu Espainiako Gobernuari egn beharko dio eskaera galdeketa baimentzeko.
ERCkoentzat "atzera biderik ez duen prozesua" bideratu dute gaur, Mahaiak horretarako baimena eman ondoren. hau baino lehen bi aldiz bota du Mahaiak atzera tramiterako eskaera. Joan Puigcercos alderdiaren presidentearen ustez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren Kataluniako estatutuaren gaineko erabakiari erantzun onena da erreferenduma bideratzea. "Auzitegi Konstituzionalaren kontra, erreferenduma. Zentralismoaren kontra, demokrazia. Auzitegi Konstituzionalaren kontrako bide judizialak agortu dira".
Iazko irailetik galdeketak
Iazko irailaren 13an egin zuten Katalunian lehen galdeketa, Arenys de Munten. Arrakastatsua izan zen: 6.500 lagunetatik %40k hartu zuten parte, eta horietatik %95ek independentziaren alde bozkatu zuten.
Lehen galdeketa saio handia 2009ko abenduaren 13an izan zen: 166 udalerritan. Bigarrena, joan den otsailaren 28an: 79 herritan. Hirugarrena, apirilaren 25ean: 211 hiri eta herritan egin zituzten bozketak -tartean bi hiriburutan: Lleidan eta Gironan-, eta 1,2 milioi lagun zeuden parte hartzera deituak. Beste galdeketa handietako antzeko emaitzak izan ziren apirileko horretan: %20ko parte-hartzea eta independentziaren aldeko botoa %92koa. Laugarrena maiatzaren 30ean izan zen, Sabadellen (173.000 laguneko errolda): %13ko parte-hartzea izan zen, haietatik %92 independentziaren alde.
Bartzelonan datorren urteko apirilaren 10ean egingo dute bozketa.
Galdeketa horiek denak ez dira legez lotesleak.
Herrialde katalanak
Kataluniako Legebiltzarrak independentzia erreferendumera deitzeko ekimena tramitera bideratzea onartu du
Galdeketa ofiziala egiteko bide luzeari hasiera eman dio parlamentuak. Mahaiak baiezkoa eman dio herritarren ekimenari, CiUren, ERCren eta ICVren aldeko botoekin, eta PSCren eta PPren kontrakoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu