“Irribarre batekin ahoan”, goierritarrek “Kataluniari eta etorkizunari” eman diote eskua. Giza kate “arrakastatsua” egin dute Goierrin, Gure Esku Dago-k azaldu duenaren arabera. Kataluniarekin bat, guk ere erabakiko dugu! lelopean, guztira 3.000 lagun elkartu dira, eskuz esku, Lazkao, Ordizia eta Beasain artean, Kataluniako herriari babesa emateko. Gure Esku Dago-ren arabera, “Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde” egitea da “katalanei laguntzeko modurik onena”.
Eguerdiko hamabietarako osatu dute giza katea hiru herrien artean. Goierriko herri guztietatik joan dira herritarrak ekimenean parte hartzeko, eta zatika banatu dira, denen artean kate jendetsua osatzeko. 12:20ak aldera abiatu dira bi lekukoak, bata Lazkaotik eta bestea Ordiziatik. Kultura, politika, kirol eta gizarte arloko jende esanguratsuak eraman du lekuko hori eskuz esku. Beasainen elkartu dira bi zutabeak, eta Maialen Akizuk eta Dani Solerrek egin dituzte azken metroak, plazaraino. Bertan, ekitaldi jendetsua egin dute, Kataluniaren aldeko elkartasun mezu eta oihuekin. Akizuk lekukoak zeraman mezua irakurri du, eta Solerrek, Kataluniatik bidalitako testu bat. Lluis Llachen L’Estaca abesti ezaguna kantatuz eman diote bukaera ekitaldiari.
Albistea, osorik, Goierriko Hitza-ren atarian.