«Kateak askatu» eta euskaraz bizitzera deitu dute

EAEko Euskararen Legearen 30. urteurrena dela eta, giza kate bat egingo du Euskal Herrian Euskaraz-ek

EHEko kideak, atzo, Gasteizen egindako agerraldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Hiru hamarkada beteko ditu azaroaren 24an EAEko Euskararen Legeak, «ipar egokirik gabeko» hiru hamarkada, EHE Euskal Herrian Euskaraz taldearen ustez. Hain zuzen ere, «bidearen zati bat egiteko» baliagarria izan dela onartu arren, euskararen minorizazio prozesua gelditu ez izana egotzi diote. «Herri nortasunaren enborra den euskarari adar izaera eman dio», azaldu du Igone Lamarain EHEko kideak. Hori salatu eta aurrera begirako neurriak eskatzeko, zenbait ekitaldi prestatuko dituzte hilaren 23 eta 24rako Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak! lelo hartuta.

Mobilizazioek bi helburu izango dituzte. Pertsona bakoitzak euskara erabili eta espazioak euskalduntzeko duen aukeraz gain, instituzioen partetik egin daitekeen lana ere gogorarazi nahi du EHEk. «Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea eztabaida politikoan kokatzea lortu behar dugu», zehaztu du.Alde horretatik, alderdi abertzale bat Eusko Jaurlaritzara itzultzea igar dadila galdegin du.

Instituzioetako jardunean egon behar duten gutxienekoak bi izan beharko liratekeela gaineratu du: ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea. Ordea, Lamarainek gogorarazi du Euskal Herrian «hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen» legeak daudela, eta datozen asteetan helduko den Eusko Jaurlaritzari «aitzindari» izateko eskatu dio.

EAEko Euskararen Legearen 30. urteurrenaren harira, EHEk hainbat ekitaldi prestatu ditu, «herri euskaldunari ezarritako mugak salatzeko eta kateak askatzeko eskatzeko». Ekitaldi nagusia Gasteizen egingo dute, hilaren 24an: giza kate bat Eusko Legebiltzarrera arte, instituzio horrek «egoera aldatzeko duen gaitasuna» irudikatzeko. 17:30ean izango da. Beste hainbat herritan ere elkarretaratzeak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.