Katean lotuta herritarren elkartasuna

Ehunka lagunek parte hartu dute Xabier Sagardoi eta Luis Goñi gazte independentistei elkartasuna adierazteko Barañainen egin den giza katean; uztailaren 23tik ezkutuan daude.

1.500 lagun baino gehiago izan ziren atzo Barañainen Goñi eta Sagardoiren aldeko giza katean. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Naiara Elola.
Barañain
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Helburua lortuta. Zaila zirudien. Baina, 1.500 lagunek baino gehiagok Herri Harresia ekinaldiak egindako deiari erantzun eta batak besteari eskua emanda Barañaingo lehenengo giza katea osatu zuten atzo. Besteak beste, Xabier Sagardoi eta Luis Goñi gazteei elkartasuna adieraztea zen xedea. Biek hala erabakita, ezkutatuta daude epaileak Segiko kide izatea leporatuta sei urteko espetxe zigorra ezarri ostean. Horregatik, gazteen militantzia politikorako eskubidea aldarrikatu zuten atzo ehunka lagunek. Gainera, Euskal Herria eraikitzen hasteko herriak lekukoa hartzea ezinbestekoa dela ohartarazi zuten antolatzaileek.

Haur, gazte zein helduek parte hartu zuten giza katean. Amaia Ibarburu Malen alaba besoetan zuela joan zen Barañain eta Iruñea arteko mugan dagoen biribilgunera. Azaldu zuenez, hasiera batean ez zekien zehazki zer izango zen. «Nik buruan nuena duela astebete Katalunian egindako giza katea zen. Ez nekien hemen zer gertatuko zen», jakinarazi zuen. Hala ere, 19:20ak aldera giza katea osatzen hasi zenean, hunkituta zegoela aitortu zuen.

Ibarburu bezala, Oroitz Zabalza giza kateko antolatzaileetako bat ere pozik agertu zen. Bere irudiko, aste luzeetako lanaren emaitza izan zen atzokoa. Gutxi gora behera, giza katean giza katean parte hartzeko prest zenbat jende zegoen jakiteko, internet bidez izena emateko aukera eman zuten. Hasiera batean, 500 lagunek soilik eman zuten izena. Zabalzak dioenez, horrek neurri batean kezka eragin zien arren, atzo azkar batean uxatu zitzaizkien porrotaren mamuak. Izan ere, 19:00etarako agerikoa zen arazo handirik ez zela izango Iruñea eta Barañain lotzeko giza katea osatzeko.

Gazte independentisten aurkako epaiak eta zigorrak bertan behera uzteko egindako ekinaldian aldarrikapena eta jai giroa uztartu ziren. Laranja kolorezko zapiak lepoan paratu zituzten dozenaka lagunek. Era berean, asko ziren eskuetan puxika laranjak zituztenak ere.

Goñiren mezua

Uztailaren 23tik ezkutatuta daude Luis Goñi eta Xabier Sagardoi. Aste honetan, internetez hedatu duen bideoan, Goñik jakinarazi du herriari berari dagokiola Euskal Herria «egiazki» eraikitzeko pausoa ematea. Horrez gain, berak idatzitako mezu bat giza katean esku batetik bestera pasako zen harrian itsatsita izango zela aurreratu zuen, eta horrela izan zen. Giza katean parte hartu zuten guztiek pasa zioten elkarri Goñiren mezua itsatsita zuen harria.

Mezua Barañaingo plazara—amaiera ekitaldia egiteko hautatutako tokia— iritsi zen arren, antolatzaileek ez zuten irakurri. Jakinarazi dutenez, Euskal Herrian barrena euskal gazte independentisten alde egingo diren jardueretara eramango dute. Besteak beste, Lekeition (Bizkaia)irailaren 29an egingo den Libre egunera eramateko asmoa dute. Hala ere, ez dute adierazi noiz egingo dute publiko mezu hori.

Xabier Sagardoi eta Luis Goñi 2008ko abuztuan atxilotu zituzten Maider Caminos, Mikel Jimenez eta Aritz Azkonarekin batera. Behin behinean espetxean egon ostean, Audientzia Nazionaleko epaileak bostei sei urteko espetxe zigorra ezarri zien. Hala ere, helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Horri esker, Caminos, Jimenez eta Azkona kargurik gabe gelditu ziren. Baina, Sagardoiri eta Goñiri seina urteko espetxe zigorra berretsi zien. Pasa den uztailaren 23an izan zuten epai horren berri eta ordutik daude ezkutatuta. Goñik aitortu duenez, orain arte izan duten militantzia politikoarekin jarraitu ahal izateko erabaki zuen bizitza publikotik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.