Kezka Erandioko gurasoen artean, umeen aurkako sexu abusuengatik

Hezkuntza Sailak haurrei eta senideei laguntzeko «tresna guztiak» jarri dituela esan du Zelaak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Erandioko (Bizkaia) Goikolanda ikastetxeko ikasleen gurasoek harridura, amorrua eta ardura agertu dute, Ertzaintzak ikastetxeko irakasle bat sexu gehiegikeriak egotzita atxilotu duela jakin dutenean. «Ez genuen horrelakorik espero», esan dute guraso ugarik, Europa Press agentziak jasotako adierazpenetan.

Harridura, irakaslea ezaguna zelako gurasoen artean. «Pertsona ezaguna zen, sarritan hitz egin dugu berarekin», dio guraso batek. «Jatorra eta irribarretsua» zen irakaslea, hainbat gurasoren iritziz. Harridura irakasle atxilotuaren lankideen artean ere zabaldu da, horietako batek esan duenez, atxilotua «zoragarria» baita. Irakasleak «oso gaizki» daudela gaineratu du.

Amorrua, jazotakoagatik eta ikastetxeak ez dielako inongo informaziorik eman. Aita batek «egunkariaren bidez» izan du gertatutakoaren berri: «Azalpenen bat emango digute. Egunkarian ikastetxearen argazkia ikusi dudanean, ezin nuen sinetsi». Atzo, ikastetxeko zuzendaritza harremanetan jarri zen guraso elkartearekin, egoeraren berri emateko.

Berria jakin dutenean, kezka nagusitu zaie guraso askori. Ikasgeletan «zer gertatu ote den zalantzak» dituela dio ama batek. Ikastetxeko aita baten arabera, ez dakite ziurtasun osoz zer gertatu den: «Ez dakigu gure seme-alabek zer ikusi duten, ezta zeren biktima izan diren ere». Hala ere, ikastetxearen izen ona nabarmendu nahi izan du guraso berak: «Gurasook ikastetxearengan konfiantza dugu, kalitatezko hezkuntza ematen duelako. Goikolanda ikastetxeak ez du etiketa beltzik merezi». Ikastetxeak ez du adierazpenik egin.

Haurrei eta familiei arreta

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, Hezkuntza Sailak «tresna guztiak» jarri ditu ustezko sexu gehiegikerien biktima izan diren umeen eta senideen arretarako. Zelaak argitu du «uneoro» harremanetan dagoela eskolarekin, baita ikerketaren arduradunekin ere. Gaineratu du Hezkuntza Sailak irakasleari irekiko dion espedientea geldirik dagoela «bide penala amaitzen den arte».

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak «lasaitasuna» eskatu die hezkuntza alorreko langileei eta gurasoei. Irakaslearen «jarrera nazkagarria» salatzearekin batera, Ertzaintza zoriondu du, «egindako lan eraginkor eta azkarragatik».

Joseba Goikuriak, Erandioko alkateak, «erabateko zorroztasuna» eskatu die ikerketaren arduradunei, «egon daitezkeen erantzukizun guztiak azken ondorioetaraino eramateko». Gertakariak gaitzesteaz gain, irakasleei elkartasuna adierazi die Goikuriak. Gainera, nabarmendu du sortu den alarmak ezin duela ikastetxearen eta han lan egiten dutenen profesionaltasuna zalantzan jarri: «Gertaera honek ezin gaitu Erandioko eskolek jasotako sariak ahaztera eraman».

Asteartean espetxeratu zuten maisua, lau haurri sexu gehiegikeriak egitea egotzita. Gabonetan kamerak jarri zituen Ertzaintzak eskolan, familia batek salaketa jarri ostean, eta irudiek gurasoen susmoa baieztatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.