Kidetzak 50.000 sinadura bildu ditu zaintza partekatua legez arautzeko

Elkarteko presidente Justo Saenzek berretsi du legeak ahalik eta babes handiena izatea nahi dutela

Zaintza partekatuaren alde Kidetzak Eusko Legebiltzarraren aurrean iaz egindako protesta. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Kidetzak, Euskadiko Guraso Bananduen Federazioak, 50.140 sinadura bildu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, zaintza partekatua legez arautzeko Eusko Legebiltzarrean aurkeztu behar zuen herri ekimen legegilearen alde. Sinadura bilketa horren ostean ondorio nagusi bat atera dutela nabarmendu du Justo Saenzek, elkarteko presidenteak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik bederatzi zaintza partekatua legez arautzearen alde daude. «Gaur egun emakume gehienak daude horren alde. 40 urtetik beherako herritarrek ere zaintza partekatua babesten dute, eta adinekoen artean ere gero eta egokiago ikusten da. Izan ere, egoera gogorrak bizi dituzte bilobekin».

Kidetzak iazko apirilean aurkeztu zuen proposamena Eusko Legebiltzarrean, eta mahaiak aho batez onartu zuen. Baina, osoko bilkuran eztabaidatzeko, 30.000 sinadurabeharzituzten. «Orain, legea ahalik eta adostasun handienarekin onartzea lortu nahi dugu». Hori lortze aldera, mozioak aurkeztu dituzte udaletan eta batzar nagusietan. Saenzek jakinarazi duenez, PSE-EE ez beste alderdi guztiak lege proposamenaren alde daude. «PSE-EEk nahiago du oraingo Dibortzioaren Legean jasotzen den arauari eutsi, eta, egia esan, bitxia egiten zaigu. Izan ere, beste erkidego batzuetan —Katalunian, adibidez— sozialistak zaintza partekatuaren alde agertu dira».

Saenzek argi utzi du ez dutela nahi zaintza partekatua inposatzea. «Ez dugu eskatzen automatikoki ezartzeko, baizik eta lehentasuna emateko». Umeek bi gurasoekin harremana izatea bermatu nahi dute horrekin.

Kidetzak egindako proposamenaren oinarria Frantzian indarrean dagoen legea da. Elkarteak aspaldian jakinarazi du lege horri esker Frantzian%84 jaitsi dela haurren zaintzaren ondorioz auzitara jotzen duten bikoteen kopurua.

Legearen onura nagusia parekidetasuna bermatzea izango dela esan du hasieratik Kidetzak. Guraso bananduen federazioak salatu du oraingo legearen ondorioz seme-alaben zaintza, hezkuntza eta mantenua amaren esku gelditzen direla eta hori ez dela bidezkoa. «Ez emakumeentzat, ezta gizonezkoentzat ere. Izan ere, gizonei seme-alaben zaintzan parte hartzeko duten eskubidea urratzen zaie, eta emakumeei, garapen pertsonala eta profesionala».

Egitasmoan guraso bakoitzaren betebehar eta eskubideak zehazten dira. Gainera, epaileek adingabeen interesen alde egiteko tresna gehiago galdegiten dira. Horri lotuta, besteak beste, epailearen eta familia bitartekaritzaren arteko koordinazioa bermatuko duen pertsona bat egotea nahi dute. Gaur egungo orientazio eta bitartekaritza zerbitzuak ez direla nahikoa iritzi diote. Umeen mantenua guraso bakoitzaren diru sarreren araberakoa izatea ere proposatzen dute.

Nafarroan ez du lehentasuna

Iaz onartu zuen Nafarroako Parlamentuak adingabeen zaintza partekatuari buruzko legea. Bertan, epaileen esku uzten da, gurasoen banaketa gatazkatsuen kasuan, umearen zaintzaren inguruko erabakia. Horrenbestez, ez da lehenesten zaintza partekatua. UPNk eta PSNk adostuta irten zen aurrera legea, eta proposamena «edukiz hustea» leporatu zieten gainerako alderdiek. Izan ere, hasierako lege proposamenak zaintza partekatua lehenesten zuen. Anapase Nafarroako guraso bananduen elkarteak gogor salatu zuen Nafarroako Parlamentuaren erabakia, eta gizarte «justuago eta parekideago bat» lortzeko aukera galdu zela esan zuen.

Nafarroan onartutako legearen arabera, gurasoen arteko akordioa lehenetsi behar da, eta horretara behartu ditzake epaileak. Akordiorik ez badago, epaileak erabakiko du zein den formula onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.