«Aitzakiarik» ez dute nahi, guraso bananduak batzen dituen Kidetza federazioko kideek, zaintza partekatua lehenesteko eskatuz Eusko Legebiltzarrera eraman zuten lege proposamena ez onartzeko. Horregatik, PSE-EEk eta EH Bilduk jatorrizko testuari egindako hainbat kritika aintzakotzat hartuz, legean zenbait moldaketa egitea proposatu dute.
Besteak beste, proposamena egin dute, legeak zaintza mota hori «lehenetsi» behar dela jarri beharrean, «arau orokorra» izan behar duela jartzeko; «adingabeen kalterako ez den neurrian».Hitz irmoagoak nahi dituzte, halaber, genero indarkeriarekin lotutako kasuetan,argi uzteko horrelakoetan guztiz baztergarria dela zaintza partekatuaren aldeko hautua. Etxebizitzari dagokionez, erabilera guraso behartsuenaren esku lagatzea begi onez ikusi dute onartu duten moldaketetan, eta, era berean, pentsioak-eta ordaintzen ez diren kasuei erantzuten ahalegintzeko, bermerako gizarte funts bat abian jartzea.
Babesa sentitu dute
Kidetzako kide Justo Saezek eta Nuria Cervanek hartu zuten atzo hitza, Bilbon, moldaketen berri emateko. «Legearen kontra zerbait dutenek, izateari uztea; horixe da helburua», adierazi zuen Saezek. Lege proposamenak, oro har, gizarteko talde askoren babesa izan duela esan zuen, eta pozik daudela. Horregatik, baikor dira, eta helburu bat dute: heldu den maiatzean legea onartzea. EAEko Arartekoak eta Fiskaltzak, besteak beste, sostengua eman dietela azaldu zuten. Lehengo astean mintzatu ziren biak Eusko Legebiltzarrean; zaintza partekatuaren aukera —lehenetsi beharrekoa ez bada ere— aintzat hartu behar dela esan zuten.
Kidetzak proposatu du aldatzeko zaintza partekatuaren legea
PSEk eta Bilduk testuari egindako kritika sortari erantzuten saiatu da; helburu du lege berria maiatzean onartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu