Datuak eskuan hartuta isilarazi nahi izan du EHUk selektibitateko Kimika azterketa akastunak sortutako harrabotsa. Batetik, proben emaitzak eman ditu: %49k gainditu dute azterketa, eta 4,57 atera dute batez beste —aurreko urteetakoa baino zertxobait gutxiago da hori—. Bestetik, ariketa guztien egokitasuna defendatu du, ezbaian jarritako ariketak curriculumeko zein ataletan agertzen diren adierazita. Hortaz, egindako jarduna zuritu du unibertsitateak: «Euskara hutsa izan arren, emaitzak aurreko deialdietakoen oso antzerakoak dira». Bihar emango dizkiete notak selektibitatea egin zuten ikasleei.
Bigarren egunez jarraian, unibertsitatean sartzeko hautaprobei buruzko prentsa ohar bat atera behar izan zuen EHUk atzo arratsean. Iragan asteko selektibitatearen ondorenek jarraitu baitzuten atzo ere. Goizean, sare sozialen bitartez ordua jarri, eta Donostian eta Bilbon Eusko Jaurlaritzaren egoitzen aurrean elkarretaratu ziren dozenaka ikasle. Proba berriro egiteko aukera eskatu zioten unibertsitateari. Kartelak eskuan zituztela egin zuten protesta: Gure etorkizunarekin pagatzen ditugu zuen akatsak, zioen Bilbon zabaldu zuten pankartak. Azterketa berriro egitea galdegin dute elkar hartutako Kimika irakasleek eta EHIGE gurasoen elkarteak ere.
Bi auzi daude mahai gainean: euskara akatsa eta curriculumean ustez ageri ez diren edukiei buruzko ariketa. Lehena herenegun onartu zuen EHUk —galderak «idazketa okerra» zuela esan zuen: potasio ioduro gisara itzuli zuten yodo molecular—, baina bigarrena, ez. Baieztapen kategorikoa egin zuen, baina soilik hori, batere arrazoitu gabe. Sortutako ika-mikagatik, ordea, kontuak eman zituen atzo: Gibbsen energia askearen balioa eta Hessen legea badirela curriculumaren zati. Non ageri diren ere zehaztu dute.
Aurrez, arratsaldean, hori bera eskatua zion EHUko Ikasleen Kontseiluak errektoretzari: «Publikoki frogatu behar du ikasleek salatutako ariketak bat datozela gaitegiarekin». Ezohiko bilera egin zuen atzo kontseiluak, selektibitatearen harira. 250 bat kexa jaso ditu. Ardurak «berandu» hartu izana egotzi dio errektoretzari.
Ikasleen eskariari erantzun zion arratsean errektoretzak, eta gainditze datuak eman zituen polemika isildu nahian. Aurreko urteetakoen antzekoak direla azaldu du EHUk: %49k gainditu dute eta batez besteko nota 4,57 izan da. Iaz %53k gainditu zuten eta 4,82 lortu zuten batez beste. Hala ere, erreklamazioak-eta egin aurreko kalifikazioak dira aurtengoak.
Euskaldunak, desabantailan
Datuetan argitzeko dago zein alde dagoen euskarazko eta gaztelaniazko azterketen artean. Euskaraz proba egin zutenek jasan zuten akatsa, baina gaizki erantzun duten erdaldunei ere ez diete aintzat hartuko, nahiz haiek ez izan galdera oker. Horra hor diferentzia bat. Eta bestea, erdaldunen artean: «Kalte egin diete ongi erantzun zuten gaztelaniazko ikasleei, gaizki erantzun zutenekin alderatuta», dio kontseiluak.
Itzulpenean izandako akatsa «onartezina» dela salatu du ikasleen batzarrak: «Ikasleei egindako kaltea konponezina da, eta ez da lehen aldia». Ordea, nabarmendu du estudiante euskaldunek jasan zutela itzulpen okerra, eta, beraz, haien azterketei jarri behar zietela neurri berezia. Curriculumean ez bide zeuden ariketez, kontseiluak batzorde bat sortzeko eskatu dio errektoretzari, eta hark erabakitzen duenaren arabera erabakitzeko berriz egiteaz. Kimikako arduraduna kargutik kentzea ere galdegin du.
Hurrengo egunetan ere izango du soka auziak. Notak bihar emango dizkiete ikasleei, eta erreklamazioak egiteko aukera izango dute orduan. Eusko Legebiltzarrean Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren agerraldia eskatu du EAk. Hark joango dela esan du, baina «fede txarrez» aritzea egotzi dio.
Kimika azterketa ia aurrekoetan adina ikaslek gainditu dutela azaldu du EHUk
Selektibitateko ariketak curriculumarekin bat datozela esan du EHUk: kontzeptuak non diren jakinarazi du ohar bidez

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu