Kimika azterketako hutsa aitortu du EHUk, eta nota txartzea ekidingo du

Euskarazko proban oker adierazitako ariketa zuzenduko dute, baina kalifikazioa hobetzen badu soilik hartuko dute kontuan erantzunaKimika irakasleek salatu dute «irregularra» izan dela proba; berriz egiteko eskatu dute

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Erdibideko konponbidea eman dio EHUk iragan asteko selektibitatean euskarazko Kimika azterketan egindako hutsari. Ikasleek egin ezin zezaketen ariketa bat ageri zuen probak, oker itzuli baitzuten unibertsitateko arduradunek. Sortutako egoerari aurre egiteko, EHUk erabaki du galdera hori ez hartzea aintzat azken notan, baldin eta ikaslearen kalifikazioa txartzen badu. Hara zer egingo duten: galdera okerraren erantzuna kontuan hartuta taxutu kalifikazio bat —10ekiko—, eta beste bat, galdera hori aintzat hartu gabe —7,5ekiko, galderak 2,5 balio baitzuen; eta gero 10ekiko bihurtu—. Bietan emaitza onena izango da azken nota. 1.800 ikasle inguruk egin zuten Kimika azterketa euskaraz ostegunean.

Konponbide zaileko egoera sortu du huts nabariak —galdera iodo molekularrari buruzkoa zen, baina «potasio iodoa» jarri zuten euskarazkoan—, eta bidegabekeria ikasle euskaldunentzat. Selektibitatearen borondatezko faseko irakasgaia da Kimika, zientzietako ikasleena, eta garrantzitsua: zientzietako graduetan, inportantzia handia ematen diote Kimika azterketari. Karrera horietan nota handia eskatu ohi dute. Azken espedientearen %40 da selektibitatearen araberakoa.

Ikasle euskaldunak ez kaltetzeko erabaki du EHUk galdera okerra ez kontuan hartzea txarrerako. «Konponbideak bermatzen du inor ez duela kaltetuko gaizki adierazitako galderak, ezta haren nota besteekin alderatzean ere». Hori bera eskatu zion larunbatean Eusko Jaurlaritzak: ikasle guztien aukera berdintasuna errespetatzeko. Handia baita lehia unibertsitatean gustuko ikasketak egiteko lekua lortzeko: bertakoekin ez ezik, Espainiako ikasleekin ere lehia badute euskal ikasleek.

Berdintasuna bermatzeko, bi lan talde bildu zituen EHUk goiz osoan atzo, eta haiek egin zuten hautua: kalterako bada, ez hartzea kontuan galdera okerra. Euskarazko ikasleei ez ezik, hori egingo diete gaztelaniakoei ere, desberdintasunik ez dadin sortu.

Bi batzordeek beste auzi bat ere izan zuten esku artean: azterketa bereko beste galdera bat —energia korrelazioei buruzkoa— egin ote dezaketen selektibitatean. Hainbat irakaslek ezetz adierazi zuten, ez dela gaitegian ageri. Bereari eutsi dio EHUk: «Azterketaren edukia egokia izan zen. Bat zetorren programarekin».

Unibertsitatearekin ados dago Eusko Jaurlaritza auzi horretan. BERRIAri berretsi dio gaia badela curriculumaren zati, nahiz onartu duen ez dela «ohikoa» horri buruzko galderak agertzea unibertsitatean sartzeko hautaproban.

Ez da lehen aldia

Lehenago ere izan dira arazoak euskarazko Kimika azterketarekin EHUn. Orain bi urte, 2009an, euskarazko galdera batzuk oker zeudela salatu zuten hainbat ikaslek; ahal izan zuten moduan aritu ziren gaizkiulertuak konpontzen azterketa garaian. 2008an, Historian eta Filosofian aurkeztu zuten azterketa okerra; proba errepikatzea erabaki zuen orduan EHUk.

Batxilergoko hainbat Kimika irakaslek elkar hartu dute, eta bilera bat egin zuten atzo arratsaldean Donostian. 50 bat maisu-maistrak hartu zuten parte. Adostutako agiria lortu du BERRIAk. Irakasleen ustez, «errespetu falta handia» izan da selektibitateko azterketa, curriculumez kanpoko gaiak sartu dituztelakoan eta euskarazko probako hutsengatik: «Euskaratzea penagarria izan da, eta horrek ez du errespetatzen euskaraz ikasteko eskubidea». Ezkor dira ikasleek azterketa horretan izango duten emaitzarekin. Datuak eman dituzte: haien arabera, probako A ereduan gehienez 8 atera zezaketen ikasleek; B ereduan —han izan dira euskara hutsak—, 4,5. Hala, proba «guztiz irregularra» izan delakoan, berriro egiteko aukera galdegin dute. EHIGE gurasoen elkarteak bat egin du eskari horrekin. Aurrera begira ere jarri dira irakasleak. Bi eskari egin dituzte: unibertsitateko arduradunak batxilergoko maisu-maistrekin biltzea, eta hautaproben koordinatzaileek dimisioa ematea.

Unibertsitateak barkamena eskatu du: «Asko sentitzen dugu ikasleei eragindako egonezinagatik». Ikasleen Kontseiluak 200 kexa baino gehiago jaso ditu, eta aztertzen hasi da. Dagoeneko eskatu ditu kontuak: «Ohiko ari da bihurtzen antolatzaileen okerrek ehunka ikasle kaltetzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.