Klima aldaketari aurre egin nahi dio Frantziak, 2020rako ur kontsumoa %20 gutxituz

Mende bukaerarako gutxienez bi gradu igoko da tenperatura, eta 230 neurri onartu ditu Parisek plan batean

Erredakzioa
Baiona
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Gogor joko ditu klima aldaketak Frantzia eta Ipar Euskal Herria. Ziur dago horretaz Sarkozyren gobernua, eta horri aurre egiteko, 230 neurriko plan bat indarrean jarri du.

Bi gradutik hiru gradu eta erdira bitartean igokodira batez besteko tenperaturak, eta horrek ondorio latzak eragingo ditu: lehorte garaiak ugariagoak eta luzeagoak izango dira, bero handieneko egunak egun baino bost aldiz gehiago izango dira, eta urak hartuko ditu gaur egungo kostaldeko leku asko.

Guztiari aurre egiteko plan bat onartu du Frantziako Gobernuak. Atzo aurkeztu zuen plana Nathalie Kosciusko-Morizet Ekologia ministroak. Bi helburu nagusi aipatu zituen ministroak: berotegi efektuko gasen isurketa gutxitzea eta klima aldaketak ekarriko dituen arriskuei —gizakientzat, ingurumenarentzat eta ekonomiarentzat— aldez aurretik antzeman, eta ahal den gehiena apaltzea.

Bost urterako plangintza onartu du gobernuak, eta, horretarako, 171 milioi euro eman ditu jadanik. Etorkizunean beste 391 milioi euro gehitzeko asmoa dute. Eta horri gehitu behar zaio lehorteari aurre egiteko planean erabiliko dituzten beste 500 milioi euro.

Ura, osasuna eta azpiegiturak

Frantziako Gobernuak hainbat alorretan eragin nahi du hurrengo urteotan. Besteak beste, urarenerabileran. Izan ere, lehorteek ur falta handituko dutela uste dutenez, ur erabilera gutxitu nahi dute. Hala, 2020. urterako %20 jaitsi nahi duteuraren kontsumoa. Aldi berean, kontsumitzera heldu aurretik ihesen ondorioz galtzen den ur kopurua ere gutxitzea nahi dute. Gaur egun, hala galtzen da kontsumoko uraren %25, Frantziako Gobernuaren arabera. Zentral nuklearren ureztatze sistemak ere hobetu nahi dituzte, hainbeste ur erabil ez dezaten.

Osasunaren alorrean, beroak gaitz berriak zabalduko dituela uste dute adituek. Alergien eragina ere handituko dela iritzi diote. Horri guztiari aurre egiteko, alerta talde bat eratuko du Frantziak.

Itsasoa, metro bat gora

Klima aldaketaren ondorio larrienetakoak kostaldean gertatuko direla uste du Parisek. Izan ere, batez beste, metro bat egingo du gora itsasoak, eta horrek milaka etxe eta enpresari eragingo die, baita errepide,trenbide eta gainerako azpiegiturei ere. Bakarrik errepideetan 2.000 milioi euro galduko direla uste du Kosciusko-Morizetek. Aldi berean, egoera berriaren ondorioz uholde arrisku gune berriak zeintzuk diren zehaztuko dute.

Lehorteak nekazaritzan milaka milioi euroren galerak ekarri ko ditu. Aurten bertan Frantzian egon den lehortearen ondoriozartoaren ekoizpenaren %20 galdu dela ohartarazi du Parisek. Egoera hori ohikoa izango da etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.