Narkotrafikoaz puntua egin nahi izan du Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak gaur arratsaldean, Baionan. Datuak ematen hasi dira fite, eta azpimarratu dute 2025ean egin dutela inoizko droga bilketarik handiena, izan auzoetan edo bideetan: 7,4 tona kalamu atzeman dituzte, 2,1 tona kokaina, 163 kilogramo MDMA... Orotara, 184 milioi euroren baliokidea, drogetan.
Horrekin batera, adierazi dute nabarmen gora egin duela trafikoak orokorrean, eta kokainarenak zehazki. Trafiko horren barnean denak sartzen dituzte: kanpotik salmentak kudeatzen dituztenak eta sareen eramaileak direnak, tokian-tokian salmenta sareak antolatzen dituztenak, leku jakin batzuetara droga eramaten dutenak edo «esku-ttipiak», eta, azkenik, kontsumitzaileak.
Zehaztu dutenaz, ez da kasualitatea zenbakiek gora egitea: ekoizpenak gora egiten du beti, eta Europa biziki «merkatu begiztatua» da «Ameriketako ekoizleentzat». Lehen, droga Frantzia iparraldetik sartzen zen nagusiki, «baina orain geroz eta gehiago Atlantikotik», Espainia aldetik. Eta, ekoizpen eta erosketek gora egiten duten denbora berean, prezioak behera doaz. Joera horren arriskua azpimarratu dute prefeturako, Poliziako eta auzitegiko ordezkariek, prezioak merkeagoak izanda gazte gehiagok baitu erosteko ahalmena.