Juan Luis Zabala
Koldo Izagirre idazleak uko egin dio Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak joan den astearen hondarrean Rimmel (Susa, 2006) poema liburuarengatik eman zion euskarazko poesiaren alorreko Kritika Sariari. Sari horren irabazleak ez du ez dirurik, ez garaikurrik, ez inolako jakinarazpen ofizialik jasotzen, eta kasurik gehienetan hedabideen bitartez jakiten du saritua izan dela. Hori kontuan harturik, hedabideetara jo du Izagirrek -BERRIAra zehazki- bere erabakiaren berri emateko, berak sinatutako testu baten bitartez.
«Bost egun joan dira saritu nindutela jakin dudanetik, baina egundaino ez dut deirik, telegramarik, emailik, gutunik hartu», dio BERRIAra igorri duen testu horretan Izagirrek. «Nora jo ez dakidala, hedabideen bitartez jakindakoari hedabideen bitartez nahi nioke ohar hau egin: uko egiten diot Kritika Sariari».
«ZENBAIT MANDARINEN TRESNA». «Kritika Saria, aspalditik, Euskadi Saria bera baino mekanismo ilunagoz eta jokamolde zabarragoz dabilen antolamendua da», Izagirreren ustez. «Literaturaren promoziobidea baino, gure letren sistematxoko zenbait mandarinen tresna bihurtua dela dirudi, beren larderia finkatzeko aitzakia, idazleon laztan-premia baliatuz».
Euskarazko narratibaren arloko Kritika Saria Jon Alonsori eman dio Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak, Erretzaileen erresuma (Susa, 2006) narrazio liburuarengatik. Alonsoren Euskadi Sariak artikuluak Utikan Euskadi Sariak manifestua plazaratu zuen mugimendua abian jarri zuela ekarri du gogora Izagirrek, eta horrek ere izan duela eraginik hartu duen erabakian: «Jon Alonsorekin batera ni ere saritu nautenez, ezin dut Kritika Sari hori onartu, ez nire burua haren pareko egin nahi nukeelako, baizik eta ez dudalako gure literaturaren goiegitura kritikatzeko kuraia ukan duen idazleari egindako laidoan lagungarri teknikoa edo aitzakia demokratikoa izan nahi».
Zortzi liburu saritzen ditu urtero Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak Kritika Sariarekin -guztiak aurreko urtean argitara emandakoak-, zortzi atal bereizita: lau hizkuntza kontuan harturik (euskara, galiziera, gaztelania eta katalana), hizkuntza bakoitzean bina liburu: poesiakoa bata, narratibakoa bestea.
Literatura
Koldo Izagirrek uko egin dio Espainiako Literatur Kritikarien Elkartearen sariari
Kritika Saria «Euskadi Saria bera baino mekanismo ilunagoz» antolatua dago, idazle sarituaren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu