Koldo auziak izan duen eboluzio zitalaren ondorioz, Koldo sindromea ere badela esan daiteke. Zein diren sindrome horren ondorioak? Zuhurtzia erabatekoa, tentuz hitz egitea eta, batez ere, ziurgabetasuna etorkizun hurbilak ekarriko duenari begira.
Villarejoren ikasle aurreratua dela erakutsi du Koldo Garciak, eta diskoteka atariak zaintzen bakarrik ez, grabazioak egiten ere eraginkorra dela gero. Guardia Zibilaren UCO adarrak hari atzemandako disko gogorretan aurkitu du Espainiako legealdia leherrarazteko materiala. PSOE eta PSN lotsarazi dituen elkarrizketa mordoa dago gorderik protagonisten artean, Jose Luis Abalos, Santos Cerdan eta Koldo Garcia beraren artean. Baina zer gehiago dauka Garciak? Iturri batzuek diote urte askoan grabatu zituenak ez direla soilik PSOEkoak, eta beste alderdi batzuen aurka ekiteko gaitasuna lukeela.
Erantzunik gabeko galdera horren mende daude euskal alderdiak, Espainiako legealdiarekin jarrai daitekeen ala ez erabakitzeko. Hau da, neurtu nahi dute ea Pedro Sanchezen toxikotasun mailak legealdia agortzeko modua emango duen ala ez, eta matazaren haritik tiraka azaleratzen dena ikusi arte ez dute erraza delibero argirik hartzea. Zuhurtziarako aroa hasi da: Koldo sindromeak jo ditu.

Zipriztinak eta abisuak
Nafarroan, Ramon Alzorrizen dimisioaren ondoren, gehiago ireki zaio atea Txibiteren gobernua arriskuan jarriko lukeen pozoiari. Txibitek ez du dimisioa emateko asmorik, baina oraindik ikusteko dago zer grabazio gehiago argitaratuko diren, eta grabazio horiek Txibiteren egoera ez ezik, Sanchezena berarena ere baldintzatu dezakete. Guardia Zibilaren esku dago, hein handi batean, egoerak izango duen eboluzioa; denborak eta gaiak UCOk kontrolatzen ditu orain, auziko epailearekin batera. Baldintza horiek aintzat hartuta, fidatzerik ote dute EH Bilduk eta EAJk Sanchezekin, legealdia salbatzeko saio etsi bati begira?
Eusko Jaurlaritzan ere, tentuz begiratzen diote egoera latzari. Pradales lehendakariak ez du baztertu Cerdan auziak «Euskadi zipriztintzea», baina ez du zantzurik ikusi hori gertatuko dela pentsatzeko; badaezpada, ordea, egoki iruditu zaio aukera hori zabalik uztea. PSEko buru Anduezak, berriz, abisua eman die Txibiteren dimisioa eskatzen ari direnei: «Orain gure gainean dago auzia, baina auskalo non egongo den gero». Haizagailua martxan jartzea klasiko bat da, baina Koldo Garciaren grabazioak tartean egonda, ez zaio inori komeni abisua gutxiestea.
Eta esan beharrik ez dago: Espainiako Gobernuaren parte hartzea behar duten bide orri guztiak ezbaian daude Cerdan auzia lehertuz geroztik; esaterako, Gernikako Estatutua aurten osorik betetzeko konpromisoa eta estatus berriaren inguruko akordio batek Madrilen beharko lukeen babesa. PSOE bere historiako hondamendi handienetako batean egon daiteke, eta hondamendi horrek bete-betean jo dezake euskal herritarren interesen aurka.